Lau atxilotu Bilbon, M-29ko istiluekin lotuta

Martxoaren 29ko greba egunean epaitegi aurrean bi ertzain zauritu izana egotzita atxiki ditu Ertzaintzak

Erredakzioa
Bilbo
2012ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Ertzaintzak lau gazte atxilotu zituen atzo goizean Bilbon, martxoaren 29ko greba orokorrean Buenos Aires kaleko epaitegi aurrean izandako istiluekin zerikusia izatea leporatuta. Ertzaintzak orduan emandako bertsioaren arabera, aurpegia estalia zuten pertsona batzuek, ertzainen kontrako segada prestatu, eta bi ertzain gogor jipoitu zituzten. Beste lekuko batzuek adierazitakoaren arabera, eguerdiko manifestazioa auzitegiaren aurretik pasatzen ari zela, hormetan grebaren aldeko pintaketak egiten ari ziren gazte batzuk. Horiek atxilotzera joan ziren ertzainak, eta orduan hasi ziren istiluak. Pertsona batzuek harriak bota zizkieten ertzainei. Edozein kasutan, bi ertzainek zauri handiak izan zituzten buruan, eta bat ospitalera eraman behar izan zuten.

Bilbokoak dira Ertzaintzak atzo atxilotu zituen lau gazteak: Indautxu auzokoa Aitor Fernandez, Deustukoak Jon Telletxea eta I. Y. eta Arangoitikoa Urtzi Martinez. Fernandezek 31 urte ditu, eta preso ohia da.

Adingabea askatu egin dute

I. Y., berriz, adingabea da. Gainontzeko gehienak bezala, 10:00 aldera atxilotu zuten, baina 14:00 inguruan askatu egin zuten, epailearen aurrean deklaratu ere egin gabe. Adingabea izateagatik hartu zuen neurri hori Ertzaintzak. Zenbait iturrik zabaldu dutenaren arabera, ostegunean bertan epaituko dute Telletxea, epaiketa azkarren sistema baliatuta. Poliziari eraso egitea, desordena publikoa eragitea eta istiluetan parte hartzea egotzi diote. Beste hiru atxilotuek ertzainen eskuetan jarraitzen zuten lerro hauek idazterakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.