Lau ikasle berritik hiruk D eredua hautatu dute EAEn izena ematean

Eskolek eskaintzen ez duten hizkuntz ereduren bat 270 gurasok eskatu dute, Jaurlaritzaren arabera

Agurtzane Solaberrieta Mesa.
Donostia
2010eko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Guraso gehienek euskararen aldeko hautua egin dute aurten ere Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: hurrengo urtean ikasten hasteko izena eman duten 2 urteko lau haurretatik hiruk D ereduan ikasteko eskaria egin dute.

2010-11ko ikasturterako Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publiko eta itunpeko ikastetxeetan izena eman dutenen kopurua atzo eman zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak: 35.495 ikaslek eman dute izena, eta horietatik 18.240 ikasle berriak izango dira. Hau da, iaz baino 2 urteko 660 haur gehiago eskolatuko dituzte datorren ikasturtean. Dena dela, Hezkuntza Sailak zehaztu du datu horiek behin-behinekoak direla, inauteriak direla-eta ikastetxe batzuetako datuak ezin izan dituelako jaso.

Aurten aldaketa esanguratsuena sarea aukeratzerakoan izan da. Izan ere, azken urteetako joera aldatu egin da, eta gehiago izan dira aurten sare publikoaren alde egin duten gurasoak. Hala, Administrazioarekin hitzarmena duten ikastetxe pribatuetan ariko dira 14.759 ikasle, eta sare publikoan beste 20.735 ikasle. Herrialde guztietan sare publikoa gailendu da: Bizkaian aurrematrikula egin duten ikasleen erdiek baino gehiagok aritu nahi dute ikastetxe publikoetan (18.255 ikasleetatik 10.367); Gipuzkoan ere sare publikoaren alde egin dute 11.399 ikasleetatik 6.694k, eta Araban 5.841 eskaeretatik 3.674k sare publikoan aritzeko eskatu dute.

Sexuaren araberako datuak ere kaleratu ditu Jaurlaritzak: 17.213 neskek eman dute izena, eta mutilak zertxobait gehiago izan dira, 18.282.

Ereduei dagokienez, 2 urteko haur gehienek D ereduan hasiko dute hezkuntzako ibilbidea, zehazki, 13.589 haurrek. Beste modu batera esanda, A ereduan ikasiko duen haur bakoitzeko hemezortzi ariko dira D ereduan. A ereduan, zehazki, bi urteko 732 haur eskolatzeko eskaera izan dira, iaz baino 144 gehiago. B ereduak ere zertxobait egin du gora, iaz baino 170 izen emate gehiago izan baitira, guztira, 4.135.

Herrialde guztietan da nagusi D eredua. Aipagarria da Arabaren kasua, izan ere, D ereduak ikasleak irabazten jarraitzen du, eta B ereduari gailendu zaio aurten ere. Orain dela bi urteko aurrematrikulazioan, B eredua zen jaun eta jabe Araban. Iaz joera hori zertxobait aldatu zen D ereduaren mesedetan, eta aurten D eredua lehen tokian dago: Haur Hezkuntzako ikasleen erdia baino gehiago euskarazko ereduan arituko dira, eta ia beste erdia B ereduan. Erdara hutsezko A eredua oso bazterrekoa da herrialde horretan ere, Bizkaian eta Gipuzkoan bezala.

Gipuzkoa da oraindik D ereduak indar gehien duen herrialdea. Lehen aldiz matrikulatu diren bi urteko haurren %88,79k euskara hutsezko ereduan hasiko dute hurrengo ikasturtea. Guztira 6.066 ikasle berri egongo dira hurrengo ikasturtean. Hamar ikasletik batek B eredua hautatu du, eta erdarazko A eredua oso gutxik aukeratu dute, 153 ikaslek baino ez.

Bizkaian ere D eredua da nagusi, izan ere, %70ek euskara hutsean ikasteko nahia adierazi dute. B ereduak iazko kopuruei eutsi die, eta A ereduan ikasteko nahia 465 haurrek erakutsi dute, iaz baino 112 gehiagok.

«Ez da esanguratsua»

Aurtengo aurrematrikulazio kanpaina diseinatzerako orduan, Jaurlaritzak arreta berezia jarri nahi izan dio hizkuntz ereduen «eskaera erreala» ezagutzeari, batez ere eskaintzen ez diren hizkuntz ereduen eskaerari. Datuak eskuan, Jaurlaritzak onartu behar izan du orain datuak ez direla esanguratsuak izan, eta gaia «puztu» egin dela.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak datu horiek berezituta kaleratu nahi izan ditu aurten. Alde batetik, eskolek eskaini gabeko ereduren bat eskatu dutenen datuak eman ditu, eta, horien arabera, 2 urtekoen artean 43 eskaera izan dira (A ereduan 6, B ereduan 17, eta D ereduan 20), eta 3 urtekoen artean 13. Datu horietatik ondoriozta daitekeena da ikastetxeren batean edo gehiagotan ez dela eskaintzen D eredurik.

2 eta 3 urteko 22.798 haur aurrematrikulatu dituzte, eta horietatik %0,25ek baino ez dute eskatu eskaintzen ez den ereduren bat.

Beste alde batetik, lehen aukera gisa eskolak eskaintzen ez duen ereduren bat eskatu dutenen datuak kaleratu dituzte: 270 eskaera jaso dituzte (232 bi urtekoen artean eta 38 hiru urtekoen artean), hau da, 2 eta 3 urteko aurrematrikulazio guztien %1,18. Kasu horretan, B eredua hautatu duten gurasoak izan dira kaltetuak, izan ere, 117 kasutan B eredua lehenetsi arren, ez dute eredu hori topatu eskolan. A ereduaren kasuan 95 izan dira, eta D ereduaren kasuan 58.

Orain ikusteke dago Jaurlaritzak nola erantzuten dien eskaera horiei. Behin baino gehiagotan esan izan du Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuak eskaera guztiak hartuko dituela aintzat, salbuespenik gabe. Hala ere, oraindik ez dute argitu ze eskaeren arabera ireki ahal izango den gelaren bat eskolak eskaintzen ez duen hizkuntz eredu batean.

[email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.