UDAL ETA FORU HAUTESKUNDEAK

Lau ikuspegi gazteen Donostiarentzat

Deustuko Unibertsitateak antolatutako forumean izan dira udal eta foru hauteskundeetan Donostiako alkatetzarako aurkeztuko diren lau hautagai nagusiak: Juan Karlos Izagirre (EH Bildu), Ernesto Gasco (PSE), Eneko Goia (EAJ) eta Miren Albistur (PP).

Ernesto Gasco (PSE), Juan Karlos Izagirre (EH Bildu), Felix Arrieta (Deustoko Unibertsitateko irakaslea), Eneko Goia (EAJ) eta Miren Albistur (PP). JON URBE / ARGAZKI PRESS
jon olano
2015eko apirilaren 21a
13:47
Entzun

Unibertsitatean eginiko mahai ingurua izanik, gazteriaren gaia jorratuz ekin diote alkategaiek, eta ondoren mintzatu dira hiriari eta Euskal Herriari lotutako gaiez.

Bizikidetza eta gatazka armatua izan dute hizpide, bertaratutakoen galderei erantzunez. ETA desegiteko eta euskal presoen eskubideak errespetatzeko eskatu du Goiak, eta "bizikidetza lortuz joatea" ezinbestekotzat jo du Izagirrek. Alde horretatik, udal gobernuak azken lau urteetan eginiko lana gogorarazi du, eta aitortu "urteak" behar direla zauriak ixteko.

Gascok erantzun dio alkateari: "Izagirreri entzunda, garbi dut [bakegintzan, biktimen arloan...] ez dela nahikoa egin". Haren esanetan, "terrorismo mota guztiak" izan dira kaltegarriak, eta gaineratu du ez dutela hori hautagai guztiek esaten. "Hiri honetan demokrazia garaian 102 hilketa egin dira", nabarmendu du, ordea, Albisturrek.

Uholdeak, turismoa...

Martutene eta Txomin Eneko uholdeez galdetu diete, halaber. Udalak herritarrekin izandako bilerak hartu ditu gogoan, eta azpimarratu du hemezortzi lan egitekoak direla uholdeei aurre egiteko. Goiak aitortu du Donostiak bizkarra eman diela auzo kaltetu horiei; hala ere, orain udal taldeak "batera" ari direla lanean gaineratu du.

Turismoaz solasean, Goiak "kalitatezko" turismo eredu baten alde egin du, "hirian dirua utziko duena". Gascok, berriz, gastronomia eta merkataritza uztartzea lehenetsi du, horretan Donostia "erreferentea" izan dadin. Donostia 2016ko Kultur Hiriburutza izan du ahotan Izagirrek, eta nabarmendu egitasmo hori ez dela soilik turismoari lotutakoa, "batez ere" kulturaren bitartez integrazioa sustatzeari lotutakoa baizik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.