Lau preso gaixori osasun arreta egokia izatea ukatu berri diete

Euskal preso politikoen kasuan, «tentsioa» bultzatzea helburu duen «espetxe politika» salatu du Jaiki Hadik

Bilbo
2011ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Kartzeletan presoen osasunerako eskubidea ez dela bermatzen salatu du Jaiki Hadi Estatuen Indarkeria Politikoaren kontrako elkarteak. Segurtasunaren «aitzakian», espetxeetako irregulartasunak eta utzikeria dira nagusi. Elkarteko ordezkariek azaldutakoaren arabera, euskal preso politikoen kasuan, jarrera horren atzean «espetxe politika zehatz bat» dago. Kritikatu dutenez,«tentsioa», «ezinegona» eta «ezintasuna» bultzatzea du helburu. Hainbat kasutan, presoei osasun asistentzia ukatzen zaie, eta horrek gaixotasunak okerrera eramaten ditu: «Salaketaren beharra ikusten dugu, kasu guztietan ezinbestekoa den ospitalerako ordua ez dutelako bermatzen eta kasu guztietan ere ukatzen dietelako asistentzia mediku egokia jasotzea, behar bezalako urgentzia eta tratamendua izatea», argitu dute Jaiki Hadikoek. Kasu horiek espetxeetan «uste baino ohikoagoak» direla azaleratu dute.

Asistentzia ukapena

Mikel Izpurua, Unai Parot, Ibon Fernandez Iradi eta Aitor Fresnedoren egoera zehatzak salatu dituzte. Azaldu dutenez, lauroi ukatu egin diete diagnostikorako zenbait froga egitea eta ospitalera joatea espezialistekin biltzeko. Horrekin batera, salatu dute kartzeletako arduradunak asistentzia tramiteen inguruan gezurretan ibili izana. Azaldu dutenez, espetxeetako arduradunek behin baino gehiagotan bota diete errua ospitaleei eta itxaron zerrendei, baina «kasu batean ere baieztatu da espetxeak ez duela inolako ordurik eskatu kanpoko ospitalean». Unai Paroten kasua da hori: Puerto III (Cadiz, Espainia) espetxeko mediku zerbitzuek «itxaron zerrendan atzerapena zegoela» alegatu zuten presoa urologoarenera ez eramateko. Paroten konfiantzazko medikua Puerto Realeko ospitalearekin kontaktuan jarri zen, eta espezialistarekin kontsultarako eskaerarik ez zegoela baieztatu zioten ekainaren 21ean. Jaiki Hadiko kideek azaldu dutenez, Parotek eboluzio luzeko hiperplasia prostatikoa izan dezakeen arren ez du espezialistarekin biltzea lortu, eta arduradunek «ospitaleko deiaren zain» daudela erantzun diote behin baino gehiagotan.

Bestetik, Izpuruak entzumena gal dezake, 2008tik espezialistekin biltzeko eskaerak ukatu dizkiotelako; Fresnedo ebakuntza baten zain dago, txanda pasatu zaiolako eta zerrendan berriz sartu behar izan dutelako, eta Fernandez zazpi hilabete daramatza «oinaze biziekin» hanketan eta urdailean, eta, hala ere, ez diote ez frogarik ez diagnostikorik egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.