Lau sentsibilitate politiko nagusiak bilduko dituen akordio bat nahi du Urkulluk

EAJko buruak Madrilen azaldu du ETAren amaiera kudeatzeko ituna PSE, PP eta EAJra mugatzeak ez lukeela «biderik» egingoEzker abertzalea legeztatzeko eta espetxe politika arrunta ezartzeko eskatu du

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2012ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
ETAren amaiera kudeatzeko PSE-EE, PP eta EAJren arteko itun bat egiteak ez luke ibilbiderik, Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidentearen ustez. Ezker abertzalea ere prozesuan biltzea ezinbestekoa dela dio. «Akordio barneratzaile bat» sustatzearen alde egin du; Euskal Herriko lau sentsibilitate politiko gutxienez bilduko dituena. Ezker abertzaleak euskal gizartearen laurden baten babesa duela ohartarazita baztertu du Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak EAJ, PSE-EE eta PPren artean «akordio handi bat» osatzeko egin duen proposamena. Madrilen esan ditu horiek Urkulluk, Europa Press agentziak antolatutako informazio gosaria, entzuleen artean Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroa zuela.

Euskal Herria «ziklo politiko berri batean murgilduta» dagoela azaldu du Urkulluk Madrilen; «bakean elkarrekin bizitzeko zikloan» dagoela. Hala ere, ohartarazi du indarkeriaren ondorioak ez direla erabat amaitu eta, beraz, oraindik «bide luzea» dagoela egiteko: «Bakea eraikitzeak denbora behar du, eta adiskidetzea eraikitzeak are denbora gehiago». Bide horretan hemendik aurrera egin beharrekoez mintzatu da EAJko burua, «amaieratik hasita». ETAren desarmea eta desegitea izango da amaiera hori, Urkulluren hitzetan. ETAk eragindako mina aitortu beharko duela ere esan du, eta EAJ prest dagoela egoera hori «errazteko».

«Erabateko parte hartze politikoa» ere beharrezko izango dela ohartarazi du. Horretarako, «salbuespenezko legeak» amaitu behar direla. «Urteak daramatzagu errepikatzen helburu politiko guztiak defendatu eta lortu daitezkeela bide politiko soiletatik, indarkeria erabili gabe. Hori gauzatzeko unea da». Hortaz, Alderdien Legeak «zentzu guztia galdu» duela argudiatuta, legea bertan behera uzteko eta Sortu legeztatzeko eskatu du.

Espetxe politika «berri bat» egitea ere eskatu du: «dinamiko eta malgua» izango dena, egoera berriarekin bat etorriko dena, eta salbuespen neurrietatik askatuko dena. «Logikoa dirudi ETAko presoek ez dutela tratu berezirik izango esaten ari denean, gainontzeko presoei ezartzen zaien araudi bera ezartzea».

Estatus politiko berria

Aurrera begira, EAJk «Euskadin bigarren trantsizioa» egin nahi duela esan du. Azkenaldian Espainian «jarrera zentralizatzailea» dagoela-eta, «akordio konstituziogilea» egitea proposatu du. EAJk landua duen Ados proposamenean oinarrituta, 2015. urterako estatus politiko berria onartzea. Horretarako alderdi politiko guztien akordioa lortzearen alde egin du, eta EAEko herritarren laurdena biltzen duen ezker abertzalearen parte hartzea ezinbestekoa izango dela ohartarazi du.

Estatus politiko berriak nazio identitatea onartu behar luke, eta Espainiako Estatuarekin ituna egiteko baldintzak argitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.