Desagertu zela lau urte bete direnean, Anberesko Auzitegi Korrekzionalak jakinarazi du zer zigor ezarri dien Hodei Egiluz gazte galdakaoztarrari lapurreta egitea leporatuta epaitutako lau lagunei. Laurak zigortu ditu, lapurretarekin lotuta. Fiskalak egindako eskariak onartu ditu auzitegiak.
Akusatuetako bati lau urteko espetxe zigorra ezarri dio; beste biri, hiru urte eta lau hilabetekoa. Lapurreta egitea egotzi die hirurei. Azken akusatua, Egiluzi ostutako telefonoa erosi zuena, urte erdiko espetxearekin zigortu dute.
Epaiketan ez ziren agertu akusatuetako hiru; auzitegiak ez du haien berririk. Lau urteko zigorra jaso duen gizona bakarrik izan zen auzi saioan, Poliziak eramanda, preso baitago beste epai batzuen harira.
Akusazioen arabera, lagunekin afaldu ostean etxera abiatu zen Egiluz, eta bidean lapurreta egin zioten. Hortik aurrera gertatu zenari buruzko informaziorik ez da; desagertu egin zen gaztea. Bilaketa lanak egin zituzten ibaian, baina ez zuten topatu hilotza. 2016ko otsailean azaldu zen, urperatutako gabarra bat ateratzen ari zirela.
Egiluzen senideak Anberesen izan ziren epaiketan, eta epaia ere han jaso dute. Etsita azaldu ziren auzi saioekin: "Hau ez da gure epaiketa. Hodeiren heriotzari buruzkoa da gure epaiketa", adierazi zuen aitak, Pablo Egiluzek.