Lau urteko kartzela zigorra, adingabe bati sexu eraso bat egiteagatik

Akusatuak gertatutakoa aitortu du. Gasteizen, berriz, 36 urteko gizon bat eta 40 urteko beste bat atxilotu dituzte: bat, ukituak egiteagatik, eta bestea, bikotekideari eraso egiteagatik.

Indarkeria matxista salatzeko elkarretaratze bat, Iruñean, iragan maiatzean. JAGOBA MANTEROLA
Indarkeria matxistaren kontrako elkarretaratze bat, Iruñean, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Isabel Jaurena.
2023ko abenduaren 4a
17:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Gizon bati lau urteko kartzela zigorra ezarri diote, 13 urteko adingabe bati sexu eraso bat egiteagatik. Donostia eta Tolosa (Gipuzkoa) artean egindako auto bidaia batean gertatu zen erasoa. Akusatuak aitortu egin du gertatutakoa. Kartzela zigorraz harago, erasotzaileak 10.000 euro ordaindu beharko dizkio biktimari, eta ezin izanen da harekin harremanetan jarri hamar urtez. Gainera, kartzelatik ateratzen denean zaintzapean aske egon beharko du bederatzi urtez.

2019an gertatu zen erasoa: erasotzailea eta biktima Donostiatik oinez zihoazen, eta gizonak ipurdia ukitu zion adingabeari. Jarraian, hiriburutik Tolosara eramanen zituen auto batean, atzeko aldean eseri ziren, bertze pertsona batek gidatzen zuen bitartean. Bidaia hartan, erasotzailea biktimari ukituak egiten hasi zitzaion, haren baimenik gabe.

Tolosara iritsi zirenean, beren eraikineko igogailura sartu ziren, barrideak baitziren. Bertan, gizona adingabea musukatzen hasi zen, haren baimenik gabe. Horren ondorioz, biktimak egokitze nahasmendu larria izan zuen hainbat hilabetez, eta eguneroko ekintzak egiteko zailtasunak ere bai.

Bi atxilotu Gasteizen

Gasteizen, berriz, 36 urteko gizon bat atxilotu dute, emakume bati ukituak egitea, hari buruzko sexu izaerako irudiak zabaltzea eta hura mehatxatzea egotzita. Joan den ostiralean atxilotu zuten, emakumeak salaketa bat jarri eta gero.

40 urteko bertze gizon bat atxilotu dute hiri berean, bikotekideari erasotzea eta hura hiltzeko mehatxua egitea egotzita. Atzo iluntzean, emakumeak eskatu zuen Polizia igortzeko bere etxera, bikotekideak «bortizki» eraso egin ziola-eta, eta hil eginen zuen mehatxuak egin. Polizia etxera joan zen, eta, bi aldeekin hitz egin ondoren, gertatutakoa baieztatu, eta atxilo eraman zuen akusatua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.