Irailaren 7an Gasteizko administrazioarekiko auzietako hirugarren auzitegiak Natxo Urkixo Laudioko alkatea behartu zuen Espainiako ikurra udaletxeko balkoian jartzera. Agindua bete ezean, udalak 1.500 euroko isuna ordaindu beharko luke hilero eta epaileak alkatea gaitasun gabe uzteko aukera izango luke.
Egoera horri aurre egiteko, udalak Espainiako bandera jartzea erabaki du; hori bai, beste zazpi ikurrekin batera. Bando bidez eman du udalak erabakiaren berri. Jarritako ikurren artean, badaude herriko "nazio senide" diren Sahara eta Nikaraguakoak eta "Euskal Herriak bezala Europan leku propioa bilatzen duten herrienak", hala nola Katalunia eta Eskoziakoak.