Aurrekontuak

Laukoak 20 milioi euroren zuzenketak egingo dizkie 2019ko aurrekontuei

Nafarroako Parlamentuan, 128 zuzenketa aurkeztu dituzte Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-Orain Bai-k eta Ezkerrak. Proposatutako aldaketen artean daude Hezkuntza departamenturako hiru milioi, Garapen Ekonomikorako 2,7 milioi eta Osasunerako 2,3 milioi.

Koldo Martinez (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz (EH Bildu), Marisa de Simon (Ezkerra) eta Ruben Velasco (Orain Bai). JOXERRA SENAR
joxerra senar
2018ko azaroaren 21a
07:59
Entzun

Aurrekontuen eztabaida Nafarroako Parlamentura heldu delarik, laukoak bere ekarpena aurkeztu du. Gaur eguerdian erregistratu dituzte zuzenketak parlamentuan, eta, ondoren, komunikabideen aurrean adierazpenak egin dituzte lau alderdietako eledunek. Guztiek nabarmendu dute laugarren urtez Nafarroak aurrekontuak izango dituela eta egonkortasuna eman diotela legealdiari.

Geroa Bai-ko Koldo Martinezek azpimarratu du "denek" babestu dituztela 128 zuzenketak. "Legealdiaren laugarren urtean, laugarren aurrekontuak izango dira hauek. Gobernu egonkorra eta sendoa izan da aldaketaren hau, eta etengabe lan egin du herritarren ongizatearen alde", azaldu du. Haren esanetan, zuzenketa horiek osasun eta hezkuntza arloko azpiegiturak hobetzeko balioko du.

EH Bilduko Bakartxo Ruizek akordioaren "balio politikoa" nabarmendu du. "Talde guztiok egin dugu ahalegina akordioak lortzeko, talde guztiok erakutsi dugu konpromisoa legealdi honetan aurrekontuak izateko, eta beste legealdi askotan ikusi izan ez dugun irudia emateko".

Orain Bai-ko Ruben Velascok zehaztu du Nafarroako Ahal Dugu-k ere bat egin duela proposamenarekin. Haren kasuan, goraipatu du zuzenketa gehienetan bat egin dutela alderdi guztiek. "Batez ere, Tokiko Administrazioan, Ingurumenean eta Landa Garapenean egindako zuzenketak azpimarratu nahi genituzke. Zuzenketa txiki ugari dira, eta aditzera ematen du diru gutxirekin gauza asko egin daitezkeela".

Ezkerrako Marisa de Simonek, berriz, gogora ekarri du legealdi honetan aurrekoan izandako murrizketak irauli dituela laukoak, eta gastu publikoak gorantz egin duela. "Aurrekontuan zeuden gabezia batzuetan aurrera egin dugu, eta zerbitzu batzuk hobetu ditugu". Osasun eta hezkuntza alorra hobetu dutela aipatzeaz gain, hezkuntzako, kultura eta kirol arloko azpiegituretan egindako zuzenketak nabarmendu ditu.

Bihar osoko zuzenketak

Hain zuzen ere, bihar, UPNk eta PPk 2019ko aurrekontuaren lege proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketak izango dira eztabaidagai. Laukoak ez ezik, PSNk ere iragarri du kontra bozkatuko duela. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.