Finantza publikoak

Laukoak aurrera atera ditu 2018ko aurrekontuak Nafarroan

Nafarroako Gobernuak gastu zein inbertsio publikorako 3.889 milioi euroko aurrekontua izango du datorren urtean, aurtengoa baino %4 gehiago.

Aurrekontuen bozketaren emaitza. IñIGO URIZ, ARGAZKI PRESS
joxerra senar
2017ko abenduaren 21a
11:12
Entzun

Hirugarrenez jarraian aurrekontuak izango ditu Nafarroako Gobernuak datorren urtean. Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak aurrera atera dute Parlamentuan urteko legerik garrantzitsuena. UPNk, PPk eta PSNk, berriz, kontra bozkatu dute.

Azaroaren 23an, PP eta UPNren osoko zuzenketak atzera bota zituzten. Ordu hartan PSNk zatikako zuzenketen bidez aurrekontu proiektuari aukera bat eman nahi izan ziola adierazi zuen. Gaur, Maria Txibitek esan duenez, "proposatutako hobekuntza ez nahikoa izan".

Guztira, 4.164 milioi euroko aurrekontua izango du datorren urtean Nafarroako Gobernuak. Finantza gastuak kenduta, 3.889 milioi eurotan geratuko da. Aurrekontuen tramitazioan guztira 692 zatikako zuzenketa aurkeztu dira, eta gaurko osoko bilkuran horietatik 392 bozkatu dira.

Hala ere oso zuzenketa gutxi onartu dira: horien artean aipagarrienetako bat Emausko Trapuketarientzako 450.000 euroko laguntza. Gainera, Aranzadi zientzia elkarteak bultzatutako Iturissako hiri erromatarraren indusketek ere 50.000 euroko laguntza jasoko dute, gaur onartutako zuzenketa baten harira.

Alderdien iritziak

UPNko Javier Esparzaren arabera, "Telesforo Monzonen eta Sabino Aranaren gorazarrerako aurrekontu ideologikoak onartu ditu" gobernua sostengantzen duen laukoak. Barkosi egin dio oharra: "Telesforo Monzonek EAJn militatu zuen, ETA babestu zuen eta HB sortu zuen azkenik. Ez zaitez Telesforo bihurtu".

Geroa Baiko Koldo Martinezen arabera, gobernuak egonkortasuna du, eta atzoko Navarrometro-ak agertu legez, emaitzak ematen dizkie apurka. "Bitartean oposizioa zarata ateratzen ari da eta bere akordioak egiteko ezgaitasuna ezkutatzeko kezko hesia sortu nahi du".

EH Bildu Adolfo Araizen arabera, "kritikoak" dira aurrekontuarekin baina, era berean, aldaketak aurrera egiteko balioko dute. "Ez da mespretxatu behar orain arte egindako guztia, nahiz eta nahikoa ez izan". UPNri erantzunez, gogoratu dio Telesforo Monzonek ez zuela defenditu Nafarroa inorekin bat egitea, "Nafarroari dagokiolako egon eta izatea". Araizek Nafarroaren erabakitzeko eskubidea aldarrikatu du.

Ahal Dugu-ko Mikel Builek "demagogia egiteari uzteko" eskatu dio oposizioari. "Nafarroa ez da inongo zerga infernuan bizi betiko pribilegiatuek dioten modura".

PSNko Maria Txibiteren esanetan, aurrekontuak "ez dira ezkerrekoak", ez baita besteak beste, inbertsioaren eta enpleguaren alde egiten. PPko Ana Beltranen arabera, "erabat ideologikoak" dira. Ezkerrako Jose Miguel Nuinek, aldiz, azpimarratu du UPNrekin murrizketak zirela nagusi eta orain gastu publikoa handitzen ari dela dio.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.