Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkuran bozkatzeko mozioa aurkeztu dute Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak. Erregistratutako proposamenean gogorarazi dutenez, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainia zigortu zuen asteartean, Igor Portu eta Mattin Sarasola nafarrei "tratu ankerra" ematea egotzita, eta jada bederatzi dira euskal herritarren aurkako torturak ez ikertzeagatik Espainiak jasotako kontrako epaiak; horietatik bost dira nafarrak.
Laukoaren iritziz, "agerikoa" da sententzia horien "larritasuna", agerian uzten dutelako "zigorgabetasuna erabatekoa izan dela eta hala izaten jarraitzen duela". Kritikatu dute "oso salaketa gutxik" egin dutela bidea auzitegietan, eta epaitu eta zigortu diren kasuetan, Espainiako Gobernuak "indultatu eta saritu" egin dituela poliziak.
Hori horrela, proposatuko dute Nafarroako Parlamentuak aintzat hartzea Estrasburgoren epaia, eta Espainiako Gobernuari eskatzea aitor dezala torturatu dela eta erreparazioa eman diezaiela biktimei, "ez errepikatzeko mekanismoak ezartzearekin batera".
Halaber, nahi dute parlamentuak salatzea Espainiako Estatuko esparru ugaritatik tortura ikertzeko zailtasunak, eta arbuioa adieraztea tortura kasuak dokumentatzeari buruzko diru-laguntzen kontra Espainiako Gobernuko ordezkaritzak aurkeztutako helegiteari. Horrekin lotuta, nahi dute parlamentuak beharrezkotzat jotzea torturak jasandako nafarren kasuak argitara ematea, horiei elkartasuna adieraztea eta aitortzea egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea.