Gaur kaleratutako Navarrometro inkestaren arabera, indarrak paretsu jarraitzen dute: UPNk 16 parlamentari lituzke (orain 15 ditu), EH Bildu litzateke bigarren indarra bederatzi parlamentarirekin (egun zortzi); Geroa Baik zortzira jaitsiko litzateke (egun bederatzi); Ahal Dugu-k sei lituzke (egun 7); PSNk bi galduko lituzke bostekin geratzeko (egun zazpi); PPk bat irabaziko luke (gaur hiru); Ezkerra berdin geratuko litzateke eta beste berritasuna da Ciudadanos sartuko litzatekeela.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Vidal Diaz de Radak eta Ernesto Perez Esainek zuzendu dute ikerketa eta 900 herritarri egoera ekonomikoari eta politikoari buruz galdetu zitzaien irailaren 25 eta urriaren 28 artean.
Hauteskunde emaitzei dagokionez, iazko Nabarrometroaren antzekoak izan dira, oposizioaren eta laukoaren arteko berdinketa islatu baitu. Gobernuaren balorazioari dagokionez, batez beste 4,76ko nota eman diote herritarrek, iazko baino hamasei hamarren gutxiago.
Hala ere, inkesta harago doa. Adibidez, eskumenak zabaltzeko, mantentzeko edo murrizteko aukerari buruz galdetu zaie herritarrei eta %48,4k handitzea nahiago dute eta %30,3k berdin geratzea. Urtebetean egoera ekonomikoa hobetu dutela uste dute herritarren %39k, beste %37 batentzat berdin dago eta %12ren irudiko okerrera egin du.
Alderdien balorazioak
EH Bilduko Adolfo Araizek baloratu du "aldaketa bizirik" dagoela baina "sakondu" behar duela. "Ez dago hausturarik, ez dago hondamendirik, ez dago apokalipsirik, baizik eta aldaketa gehiago izateko beharra".
Geroa Baiko Koldo Martinezek nabarmendu du Geroa Baik iazko emaitza berak izan dituela, aldaketak bere osotasunean bezala. "Adierazten du gobernu egonkor bat dugula". Era berean, oposizioak egin duen zarata guztiarekin egoerak berdin samar jarraitzen duela aipatu du.
Guztiz bestelako irakurketa egin du UPNko Jose Javier Esparzak. Bere hitzetan, egungo gobernuak "gehiengo osoa galduko luke". Era berean, bere ustez, Nabarrometroak erakusten du "gobernu separatista honen alternatiba bakarra" UPN dela. Bere ustez, euren aldekoentzat agintzen du soilik egungo gobernuak, baina inkestak Barkosen "atzerako zenbaketa" hasi du.
Ezkerrako Marisa de Simone arabera, "kontsolidatu egin da Ezkerraren zorua". Era berean, "kezkagarria" deritzo aldaketak 25 parlamentari izatea. "Agerian geratzen da lanean jarraitu behar dugula alderdien artean aldaketa aniztasunean eta nortasun desberdinekiko errespetuan oinarritu dadin. Ezin da identitate bat beste baten gainetik inposatu. Akordioa hau babesten dugunon artean batek bere identitate inposatzea erabakiz gero, aldaketak bere arriskuak izango ditu". Zerrenda bakarraren harira sortu den eztabaida politikoaren oihartzunak somatu zitezkeen bere diskurtsoan.
PPko Ana Beltran pozik agertu da, eta "herritarrek nahi duten oposizioa" egiten dutela berresten du Nabarrometroak. Beltranek "alderdi konstituzionalisten arteko ekintza bateratua" eskatu du Uxue Barkosen gobernua agintetik "ateratzeko".
Inkestak emaitzarik txarrenak eman dizkio PSNri. Maria Txibitek ez du bat egiten inkestaren "sukalde lanarekin". Txibitek nabarmendu du inkestako boto zuzenean emaitza onak izan dituztela. "Alderdi Sozialistan eskarmentu handia dugu inkestekin, guztiek emaitza txarrak ematen dizkigute, baina hauteskundeek ondoren oro har ez dute halakorik berresten".
Ahal Dugu-ko Mikel Builen arabera, lan gehiago egin behar dute euren lanaren berri herritarrei emateko. Datuak zuhurtziaz aztertu behar direla deritzo, eta kezka azaldu du politikarekiko herritarren interes falta %10 handitu delako.