Ahal Dugu-k du hitza eta oraindik ez du erabaki. Geroa Baik eta EH Bilduk aldaketaren aldeko lau indarrak hauteskundeetan elkarrekin joateko proposamena berretsi dute, baina Laura Perez Ahal Duguko eledunak zehaztu du oraindik ez dutela erabaki. "Ez dugu onartuko inork presiorik egitea".
Perezen arabera, alderdi barruan barne eztabaida dago aukera hori aztertzeko. Bihar Nafarroako Kontseilu Hiritarrak bileran gaia aztertuko du. "Dena irekita dago", aipatu du Perezek. Behin militanteen iritzia entzunda, Espainiako Ahal Dugurekin koordinatuko du. "Hark izango du azken hitza", zehaztu du.
Begirada guztiak haiei begira daude Nafarroan. Maiatzaren 13ra arteko epea dute hautagaitzei buruz erabakitzeko. Perezek argi utzi du erabakiari begira indar posizioa baliatu nahi dutela eta gainerakoei eskuzabaltasuna eskatu die. Gogora ekarri du abenduaren 20ko bozei begira Senaturako Aldaketaren hautagaitzarekin eskuzabal jokatu zutela: "Gainerakoei orain eskuzabaltasuna eskatuko diegu". Lehen biak Ahal Dugukoak izateko aukera aipatu du, adibidez.
Geroa Bai eta EH BIlduk laukoa nahi dute
Larunbateko batzarrean egin bezala, Koldo Martinezek (Geroa Bai) hautagaitza bateratuaren alde egin du. ""Lau indarren arteko batuketak Nafarroaren gehiengo soziala ordezkatzen du", azpimarratu du. "Estatuko gainerakoentzat adibide bat izan daiteke".
Adolfo Araiz (EH Bildu) gainerako indarrekin "batzuen eta besteen ordezkaritzaren inguruan" hitz egiteko prest azaldu da. Hala ere, ez du ontzat jotzen berriro ere hautagaitza bateratua Senaturako soilik izatea. "Senaturako baldintzak badaude, Kongresurako ere bai".
Jose Miguel Nuinek (Ezkerra) uste du hauteskundeen berritasuna izango direla Ahal Dugu eta IUren arteko batuketa Espainian. "PPri irabazteko aukera egongo da", aipatu du. Bere ustez "estatu mailako koalizio indartsu ahalik eta indartsuena behar da".
PP eta UPN, argitu gabe
Ez dago argi ere zer gertatuko den PP eta UPNren artean. Jose Javier Esparzak aipatu du "Nafarroan" pentsatuko dutela. Arratsaldean bilduko da zuzendaritza eta horri buruz hitz egingo dute. PPk, berriz, aurretik aipatu izan du berriro ere hautagaitza bateratu baten alde egingo dutela.