Alderdiak

Laura Perez: "Kide bati duintasuna kentzea ere bada ustelkeria"

Nafarroako Ahal Dugu-tik kanporatua izan ostean, publikoki bere burua defenditu nahi izan du Laura Perezek, eta salatu du "lehen minututik" kanporatzeko jazarpen kanpaina jasan duela alderdi barruan.

Carlos Couso, Laura Perez eta Ruben Velasco, gaur. JOXERRA SENAR
joxerra senar
2018ko maiatzaren 18a
10:18
Entzun

Otsailean, Nafarroako Ahal Dugu-tik kanporatu zuten Laura Perez, eta, maiatzaren hasieran, erabaki hori berretsi zuen Podemosek, Gaur eguerdian, azkenik, azalpenak eman nahi izan ditu parlamentariak. "Ez nuke nik Ahal Dugu-tik kanpo egon behar, kanporatu nauen zuzendaritzak baizik". Haren ustez, Ahal Dugu-n ez dago inor sobera, baina uste du "ahots desorosoa" izateagatik kaleratu nahi izan dutela.

Laura Perezek salatu du, 2015eko urtarrilean idazkari nagusi izendatu zuten unetik beretik, jazarpena jasan duela: "Eraso matxistak, barne oztopoak, nire gainetik jauzi egin nahi izatea, irainak, konspirazioak... Eleberri beltz bat idazteko elementuak nituzke", kritikatu du, eta zehaztu du, hala ere, "beti" alderdia lehenetsi duela, eman ahal zuena baino gehiago emanez: "Asko kostatu zaie ni gainetik kentzea". 

CAP tituluaren inguruan

Carlos Couso eta Ruben Velasco parlamentariak alboan zituela, luze eta zabal hitz egin du, eta bera kanporatua izateko arrazoiak banan-banan bota ditu atzera. Adibidez, leporatu zioten, interes pertsonalagatik, behin-behineko irakasleei CAP ateratzeko betebeharra atzeratzearen alde bozkatzea. Perezek gaur arrazoitu du bozketa hori egin aurretik CAP ateratzeko ikastaroan izena eman zuela (2016ko urtarrilean) eta titulua, berez, iragan urtarrilean atera zuela. Era berean, arrazoitu du urrutiko zentro batean izen eman zuela, eta sei astez beharrezko praktikak egin zituela, parlamentuan "huts egin gabe": "Bost aldiz ordezkatu ninduten, eta lan hori konpentsatu nuen aurretik lan eginez zein ondoren beste batzordeetara joanez".

Beste azalpen batzuk ere eman ditu. Dena den, zuzendaritzari leporatu dio "legebiltzar taldea arriskuan jartzea" eta horrekin "laukoaren gehiengoa eta gobernuaren egonkortasuna bera". Azpimarratu du ez dela bere aurkako jarrera, berekin direnen aurka ere jazarpena egiten ari direla eta hainbat espediente ireki direla. "Ez goaz, bota egiten gaituzte".

Aurrera begira, funtsezko jotzen du ezkerreko espazio hori ez sakabanatzea. "Ez dagokigu soilik guri". Haren ustez, programen inguruan eztabaidatu behar da, "behetik gora eta siglen zein interes pertsonalen gainetik". Parlamentuan lanean jarraituko dutela berretsi du.

Komunikabideei eskatu die, behin azalpen horiek emanda, "zaratari amaiera emateko".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.