Politika

Laura Perezen aurkako "garbiketa ideologikoa" salatu du Orain Mugituz taldeak

Nafarroako Ahal Dugu-ren zuzendaritzak "gardentasun eskasarekin" jardun duela deritzo sektore kritikoak, eta komunikabideak nahieran erabiltzeari uzteko eskatu dio.

Laura Perez, artxiboko irudi batean. IñIGO URIZ, ARGAZKI PRESS
joxerra senar
2018ko otsailaren 21a
19:14
Entzun

Atzo Nafarroako Ahal Dugu-ren berme batzordeak erabaki zuen Laura Perez parlamentaria kanporatzea. Perez berak abendu hasieran aurkeztu zuen Orain Mugituz adierazpena, eta taldeak orain bere babesa agertu dio, eta gogor salatu du alderdiak ezarritako neurria. Euren ustez, kanporatzearen atzean "sakontasun politiko handiko erabakia" dago: "Zuzendaritzaren erabakiekin desadostasuna azaldu dugun pertsona talde oso baten aurkako bidegabekeria da".

Sare sozialetan zabaldutako oharrak hainbat puntu ditu. Lehenik eta behin, kanporatzea erabaki duen berme batzordearen autonomia zalantzan jarri du. "Diziplina ezartzea badagokio ere, ez du nahikoa ezagutza juridikorik. Gainera bere inpartzialtasuna erabat zalantzazkoa da". Batzorde horretako kideek Eduardo Santos idazkari nagusiaren hautagaitzan parte hartu dutela diote.

Urtebete inguru geratzen da foru hauteskundeetarako, eta, Orain Mugituz-en arabera, horrek eraman du zuzendaritza "garbiketa ideologikoa" egitera, "Laura Perezi etorkizuneko jokaleku politikoan presentzia izatea eragozteko edo zailtzeko". Taldearen arabera, ez Perezek eta ez beste parlamentariek ez dute urratu kode etikoa, berme batzordeak Laura Perezi leporatu bezala. "Halako akusazioak egitea ardura gabezia larria da". Euren ustez, zuzendaritzak ezinikusi pertsonalak lehenetsi ditu.

Zuzendaritzaren eta koordinazio batzordearen jardunbidea "gardentasun eskasekoa" izan dela diote, eta militanteei iritzia ematea galarazi zaiela uste dute. Era berean, parlamentu taldearen autonomia funtzionala errespetatzeko galdegin diote. Une honetan, taldeko lau parlamentari —Perez, Couso, Carrillo eta Velasco— zuzendaritzaren aurka daude eta gehiengoa dute. Komunikabideak euren interesen arabera erabiltzeari uzteko eskatu diote zuzendaritzari.

Orain Mugituz "espazio irekia" dela diote, eta barne demokraziaren zein ideien eztabaidaren aldekoa. Idazkari nagusi ohiaren kanporatzearekin euren burua erasotutzat jo dute. "Ebazpen horrek Ahal Dugu-ko pertsona askoren bazterketa dakar, ez soilk zuzendaritza berriaren politika posibilistaren aurka egoteagatik, baita barruko praktika ez oso demokratikoen eta bertikalen aurka gaudelako ere".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.