Borja Lazaro argazkilaria hiltzat emateko prozedura hasiko du familiak

Hala ere, ikertzen jarraitzeko eskatu dute senideek. Hamar urte bete dira gaztea Kolonbian desagertu zenetik.

Borja Lazaroren aldeko elkarretaratze bat. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Borja Lazaroren aldeko elkarretaratze bat. RAUL BOGAJO / FOKU
gotzon hermosilla
2024ko urtarrilaren 8a
10:00
Entzun

Joan den asteburuan hamar urte bete dira Borja Lazaro argazkilari gasteiztarra Kolonbian desagertu zenetik, eta ikerketa hasieran bezalaxe dago: ez dago haren arrastorik, eta inork ez daki zer gertatu zitzaion 2014ko urtarrilaren 7an, Cabo de la Vela herriko ostatutik atera ostean. Hamar urteko epea igarota, ireki da hura ofizialki hiltzat jotzeko bidea, eta familiak iragarri du prozesu horri ekingo diola zenbait kontu itxi ahal izateko, baina, hala ere, ez dute amore eman nahi, eta gazteari zer gertatu zitzaion jakin nahi dute; horregatik, ikertzen jarraitzeko eskatu diete Kolonbiako agintariei.

Desagertuaren anaiak, Sergio Lazarok, BERRIAri adierazi dio «itxaropentsu» daudela, zer gertatu zen jakin nahian, baina aitortu du indarrak «ahultzen» ari zaizkiola familiari, hamar urte igaro ostean. Harremanetan daude Kolonbiako Poliziarekin Espainiako enbaxadorearen eta Ertzaintzaren bidez: «Diotenez, auzia zabalik dago oraindik. Hori da gure kezka nagusia: aztarna berririk ezean auzia artxibatzea. Gure xedea da hemengo agintariek hangoa presionatzen jarrai dezatela, ikerketa itxi ez dezaten».

Lazarok azaldu duenez, «arrazoi administratibo hutsek» eraman dute familia gaztea hiltzat jotzeko prozesuari ekitera: «Horrekin, hamar urte hauetan zabalik izan ditugun zenbait kontu itxi ahal izatea bilatzen dugu, baina, ikerketari dagokionez, gure jarrera berbera da, eta ikertzen jarraitzeko eskatzen dugu».

Joan den larunbatean, elkarretaratzea egin zuten Gasteizen, Lazaro oroitzeko. Han izan ziren Gasteizko alkate Maider Etxebarria, Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalez eta Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, besteak beste. Senideek eskertu egin nahi dituzte urte hauetan jaso dituzten elkartasun keinu guztiak: «Hasieran asko kostatu zitzaigun dena abian jartzea, bi herrialdeen arteko aldea handia delako, eta lan egiteko moduak ere oso desberdinak. Baina, geroztik, jendearen maitasuna, errespetua eta kolaborazioa izan dugu, eta eskerrak eman nahi ditugu: jende askok egin du ahalegina, nork bere erara».

Ikerketa sustatu nahian

Ertzaintzaren Koordinazio eta Lankidetza arduradun Hugo Prietok esan duenez, Ertzaintza harremanetan dago Kolonbiako Poliziarekin, eta saiatzen ari da ikerketa sustatzen: «Galderak egiten ditugu Kolonbiako Poliziak ikertzen jarrai dezan eta adi egon dadin iristen diren informazioen inguruan; izan ere, denbora igarota, zerbait gogoratu duen pertsonaren bat ager daiteke, nahiz eta orduan hari garrantzirik ez eman».

Prietoren arabera, gorpurik agertzen ez den bitartean beti dago desagertua bizirik topatzeko itxaropena, baina aitortu du hain denbora luzea igaro izana ez dela seinale ona: «Behintzat, Lazarori zer gertatu zitzaion jakin nahiko genuke, horrek atseden hartzeko aukera emango bailioke familiari».

Lazarok argazkilaritza maite zuen, eta 2013ko abenduan La Guajira penintsulan (Kolonbia) egon zen argazkiak egiten. Urtarrilean hara itzuli zen, hango indigenei ateratako argazkien kopiak eramatera. Urtarrilaren 7an, beste bidaiari batzuekin afaldu zuen, eta, gero, lotara joan zen, baina gauez iratzarri eta ostatutik irten zen, linterna bat zeramala. Orduan galdu zen haren arrastoa, biharamunean gainerako bidaiariek ez baitzuten ikusi.

Itsasoa handik gertu dago, eta hipotesietako bat da gaztea ito egin ote zen hondartzan bainu bat hartzen ari zela. Prietok adierazi duenez, Kolonbiako Poliziak hipotesi hura landu du, baina kostalde hartan urak ez dira oso sakonak, eta itsasoan oso barrura sartu behar da itotzeko arriskuan egoteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.