Lazarraga kultur elkartearen geroa, «muga-mugan»

Elkarteak nekez jarraitu dezake proiektua kudeatzen, Gasteizko Udalak Gasteiz antzokia garatzeko emandako diruaren parte handi bat bueltatzeko eskatu ondotik. Datorren asteartean euskara zinegotziaren azalpenak espero dituzte udal batzordean.

Gasteiz antzokiari egindako bisita instituzionala, 2022ko urrian. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Gasteiz antzokiari egindako bisita instituzionala, 2022ko urrian. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Edurne Begiristain.
2024ko apirilaren 16a
13:10
Entzun

Lazarraga elkartea ataka oso zailean dago, eta kolokan du geroa. Ia ziurra da ezin izango duela Gasteiz antzokiaren proiektuarekin jarraitu, eta elkarteak berak «oso konplikatua» du lanean segitzea. «Muga-mugakoa» da egoera, elkarteko iturriek BERRIAri adierazi diotenez.

Izan ere, Gasteizko Udalak hartutako erabaki batek hilzorian jarri zuen Lazarraga kultur elkartea martxoaren 27an: 112.817 euro itzultzeko eskatu zion elkarteari, Gasteiz antzokiaren (Izaskun Arrue kulturgunea) proiektua garatzeko emandako diruaren parte handi bat. Erabakia kezka handiz hartu zuen elkarteak, eta «gehiegizkotzat» jo. Diruaren zati bat (50.487,48 euro) itzultzea proposatu zuen, baina ez gainerako dirua, proiektua martxan jartzeko lanetan gastatu baitu (giza baliabideak, komunikazio planak, webgunea, kudeaketa sistemak ezartzea...).

Kultur elkartea arduratzen da antzokiaren kudeaketaz eta programazioaz, baina erakundeek urtebete baino gehiago atzeratu dute kulturgunearen irekiera, eta elkarteak argi du zabalik ez egotearen erantzukizun osoa Gasteizko Udalarena dela. «Lotsagarria da gertatzen ari dena», kexu da elkartea. «Udalak eraman gaitu mugako egoera honetara, eta guk ezin diogu egoera honi buelta eman», ohartarazi du.

Alegazioa aurkeztuko dute

Irtenbideren bat bilatzeko lanean ari dira elkartean, eta datozen egunetan argituko dute zer bide hartu, baina «tentuz» eman nahi dute pauso oro. Oraingoz, alegazioa aurkeztu diote udalak diru laguntza itzultzeko egindako eskariari, eta, bide horrek aurrera egingo ez balu, auzitara jotzeko aukera ere izango luke elkarteak.

Gasteizko Udaleko iturriek BERRIAri esan diote Lazarraga elkartearen alegazioen «esperoan» direla, eta ondoren erabakiko dutela zer urrats egin. Bien bitartean, bi aldeen arteko hitzarmen berria airean da. Izan ere, elkarteak uste du orain ez direla betetzen udalarekin hitzarmen berri bat sinatzeko baldintzak. Nolanahi ere, datorren asteartean Euskara, Kultura eta Hezkuntza, eta Kirol, Osasun eta Lankidetza Batzordean herritarren txanda erabiltzeko aukera izango du elkarteak, eta, euskara zinegotzi Maria Nanclaresen azalpenak entzun ondotik, argitu dezake zer pauso emango dituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.