Ehun mila euro bueltatzeko eskatu dio Gasteizko Udalak Lazarraga kultur elkarteari

Gasteiz antzokia garatzeko emandako diruaren parte handi bat itzultzea nahi du udalak. Lazarraga elkarteari gehiegizkoa iruditzen zaio kopurua. Erakundeek urtebete baino gehiago atzeratu dute antzokiaren irekiera.

Gasteiz antzokiaren aretoetako bat, 2022ko urriko bisitan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Gasteiz antzokiaren aretoetako bat, 2022ko urriko bisitan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
jakes goikoetxea
2024ko martxoaren 27a
18:30
Entzun

Lazarraga kultur elkarteak bazuen kezka, eta denborak eta erabakiek erakutsi dute bazuela kezkatuta egoteko arrazoirik: Gasteizko Tokiko Gobernu Batzarrak 112.817 euro itzultzeko eskatu dio. Gasteiz antzokiaren (Izaskun Arrue kulturgunea) proiektua garatzeko emandako diruaren parte bat bueltatzea galdegin dio. Gehiegizkoa iruditzen zaio Lazarraga kultur elkarteari, aintzat hartuta Gasteiz antzokia oraindik ez zabaldu izanaren erantzukizuna ez dela haiena, eta, zabaldu gabe ere, hainbat gastu egin behar izan dituztela. Kultur elkartea arduratzen da antzokiaren kudeaketaz eta programazioaz.

Elkarteak ohar baten bidez azaldu du «kezka izugarriz eta harridura handiz» hartu duela erabakia eta prozedura horrela hastea. «Elkarteak euroz euro zuritu du gastatutako dirua», argitu dute. «Jarduerak ezin badira egin, Izaskun Arrue kulturgunea prest ez zegoelako izan da». Lazarragak diruaren parte bat itzultzea proposatu zuen: 50.487,48 euro, egin ezin izan diren jarduerengatik. Baina gainerako dirua proiektua martxan jartzeko lanetan gastatu dute: giza baliabideak, komunikazio planak, webgunea, kudeaketa sistemen ezartzea... Gastuen zuriketa txostenean zehatz-mehatz jasota dagoela diote. «Elkarteak egin du bere lana, eta, orain, udalak gaizki egindakoak ordaindu behar ditu?», galdetu du Lazarraga kultur elkarteak. 

Jakinarazpen ofizialaren zain daude. Elkarteko talde eragilearen premiazko bilera egingo dute gaur arratsaldean, egoera aztertzeko eta neurriak hartzeko. Proiektuaren jarraipen batzordearen bilera egiteko eskatu diote Gasteizko Udalari. Baita apirilaren 9ko Euskara, Kultura eta Hezkuntza eta Kirol, Osasun eta Lankidetza Batzordean herritarren txanda erabiltzeko modua emateko ere.

Gasteiz antzokiaren irekiera urtebete baino gehiago atzeratzeak kezka eragin du Gasteizko euskalgintzan, hiriak halako erreferentzia bat falta duelako. Ohartarazpen bat egin du Lazarraga kultur elkarteak: «Egitasmoaren egoera oso larria dela jakinarazi nahi diegu Gasteizko hiritarrei».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.