Lege dekretua onartuta, murrizketak egingo ditu Nafarroako Gobernuak

UPNk eta PSNk dekretua onartzearen alde bozkatu dute; NaBaik, Bilduk eta Ezkerrak, kontra

Roberto Jimenez eta Yolanda Barcina, atzo, parlamentuan. J.MANTEROLA / ARP.
Erredakzioa
2011ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak 2011ko aurrekontua murriztuahal izango du. Defizita Nafarroako BPGa baino %1,3 handiagoa ez izatea nahi du gobernuak; hori gastua294,27 milioi euro urritzeak ekarriko du. Murrizketak egiten hasteko, ordea, ezinbestekoa zen Nafarroako Parlamentuak lege dekretu bat onartzea; 2011ko aurrekontuaren erreforma ahalbidetuko zuen lege dekretua. Atzo onartu zuten, UPNren eta PSNren aldeko botoekin. PPN abstenitu egin zen, eta aurka bozkatu zuten NaBaik, Bilduk eta Ezkerrak. Lehen urratsean, 190,6 milioi euro murriztukoditu Nafarroako Gobernuak.

190,6 milioi euroko murrizketek alor askotan izango dute eragina. Osasungintzan, esate baterako, bertan behera utziko dute itxaron zerrendak arautzen zituen legea. Horrez gain, Osasunbideko langileak beldur dira eurenlanpostuak galduko ote dituzten eta sukaldeko eta laborategiko zerbitzuak pribatizatuko ote dituzten.Etxebizitza politikari ere eragingo diote murrizketek. Etxeak berritzeko herritarrek egin zezaketen diru laguntzen eskaera epea itxi egin du.

«Ezinbesteko» murrizketak

Lege dekretua onartuta, «gustura» agertu dira parlamentuan baiezko botoa eman duten alderdiak. UPNko bozeramaile Carlos Garciak neurrien garrantzia azpimarratu du. «Premiazkoa da defizita txikitzea; gobernuan norabide zuzenean doalakoan gaude, eta bide horretan lan egin behar dugu». PSNko Juan Jose Lizarbe ere murrizketen alde mintzatu da. «Egungo krisi ekonomikoa berezia da; neurriek ere hala izan behar dute, beraz.Erabakiak ez ditugu hartu batere hausnartu gabe, ondo pentsatuta baizik; aurrera eramango diren murrizketak Europako Batasunaren azken erabakien eskutik helduta doaz».

Alvaro Miranda Nafarroako Ekonomia kontseilariak azaldu duenez, neurriak «beharrezkoak» dira; «eta proportzionalak, gauden egoera aztertuta». «Hartutako neurri asko behin-behinekoak dira, gainera». Ez da iritzi berekoa NaBaiko bozeramaile Patxi Zabaleta: «Behin betiko erabakiak dira. Gehiago eztabaidatuta hartu beharreko erabakiak. Larria da krisiaren pisua gehien behar dutenen gainean jartzea».

Bilduko Bakartxo Ruizek dioenez, murrizketekin herritarren eskubideak urratzen dira: «Nafarroako Gobernuak ez die herritarrei entzuten. Dekretua onartzen dute, eta kito. Sistema hau ez da ez etikoa, ez demokratikoa». Ezkerra alderdiko Juan Luis Nuinen ustez ere dekretua saihestu zitekeen. «Bidegabea da. Beste erkidegoetan PPk hartutako erabakien jarraipena da».

Bozkatzean PPN bakarrik abstenitu zen. Santiago Cerverak eman zituen abstentzioaren zergatiak: «Dekretuak dagoen egoera nahasia oraindik gehiago nahasten du. Gobernua krisiari buelta nola eman asmatu ezinik dabilela erakusten du».

Dietekin, gorabeherak

Atzoko bilkuran ez zuten murrizketen inguruan soilik eztabaidatu. Juan Luis Sanchez de Muniain Nafarroako Gobernuko bozeramaileak erantzun egin nahi izan zien Yolanda Barcinaren dietak direla-eta gobernuak jasotako kritikei —iaz Iruñeko alkate zela 78.000 euro jaso zituen dietetan—. NaBaik dietak itzultzeko eskatu zion, eta Bilduk, gardentasuna.

Sanchez de Muniainek ez du ondo ikusten dietak itzultzea: «Legeak onartzen du kargudun publikoek dietak kobratzea. NaBaik proposa dezala legea aldatzea». Bakartxo Ruiz Bildukoak galdegin dio zergatik ezkutatu duten orain arte dieten bidez jasotako dirua. «Eta bai, egin duzuena legezkoa da, baina ez da etikoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.