Gizartea. Bikote harremanak

Legeak dio: ezkon zaitez

Ezkontzaz kanpoko harreman ereduak ugaltzen ari badira ere, legeak oraindik abantailak ematen dizkie ezkonduei. Izatezko bikoteen erregistroan gero eta gehiagok ematen dute izena; legeak ez ditu jartzen ezkonduen pare.

Garikoitz Goikoetxea.
2011ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Ezkontza txarrik ez dela. Hala dio esaerak. Nondik begiratzen den, ez ezkontzea da txarra. Legeak oraindik ez ditu parekatu ezkontzak eta bestelako bikote harreman ereduak. Izatezko bikoteen legeak badira EAEn eta Nafarroan, baina ez dira aski, Espainiaren esku dauden eskumenetan ez baita haien eraginik; Ipar Euskal Herrian, Elkartasunaren Itun Zibila ez da ezkontzen pareko. «Lege aldetik, oraindik ez dago parekotasunik ezkonduen eta izatezko bikoteen artean». Isabel Abella abokatuak berretsi du ezkontzeak segurtasun juridikoa ematen duela.

Datuek gauza bera diote azken boladan: gero eta bikote gutxiago ezkontzen dira. Hego Euskal Herrian, 2003tik urtez urte jaitsi da kopurua, INE Espainiako Estatistika Institutuaren arabera. Eustatek jakinarazi berri du: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aurtengo lehen hiru hilabeteetan iazkoetan baino %11 ezkontza gutxiago izan dira: 928 bikote ezkondu dira.

Kopuru absolutuak nabarmen jaitsi dira: Hegoaldean, 1975etik erdia baino gehiago gutxitu dira ezkontzak. Proportzioan egoera ez dela asko aldatu ohartarazi du Marta Luxan soziologoak: «Jende nagusi gehiago dago orain, eta ezkontzeko adinean, gutxiago. Aintzat hartzen baditugu adierazle horiek, 1980ko hamarkadaren erdialdetik mantendu egin da ezkontzera jo dutenen kopurua».

Herritarrek garrantzia ematen diote ezkontzeari. Hala ziurtatu du Luxanek. Aldaketak izan dira ezkontzeko moduari dagokionez, baina jarraitu egiten du. Elizatik atera da ezkontza: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hamarretik bederatzi dira ospakizun zibilak. Soziologoak, ordea, dio errituek segitzen dutela: «Zibiletik egindako ezkontzetan ere badaude Elizan erabiltzen diren elementuak eta diskurtsoa». Hori eta homosexualen ezkontzak jarri ditu garrantziaren adierazgarri: «Kolektibo horren aldarriak erakutsi zuen garrantzia ematen zaiola ezkontzeari, eta pauso horrek hor segitzen duela oraindik ere».

Legeak ere ematen dio garrantzia ezkontzeari. Isabel Abella, abokatua: «Erlijioak zeresan handia izan du gure kulturan, eta hori nabari da legeetan». Aurrerapausoak izan direla nabarmendu du. Horren adibide jo du Hegoaldean 2008an indarrean jarritako lege berria. Haren bidez, besteak beste, izatezko bikoteei aitortzen zaie alargun pentsioak kobratzeko eskubidea. «Egia da oraindik ez daudela ezkonduen pareko, baina aurrerapausoa bada: 2008ra arte, ez zitzaien aukera hori ere ematen».

23.300 izatezko bikote EAEn

Gizartean ere desberdintasuna nabari du Luxanek: «Urteetan esan izan da izatezko bikoteak proba gisakoak, ezkontzaren aurrekoak, zirela». Areago, ezberdin hartu izan dituzte soziologoek ere: «Orain urte batzuk, uste zuten harremana desberdina zela ezkondua edo izatezko bikotea izan; genero kontuetan, adibidez, ezkonduak kontserbadoretzat jotzen ziren; izatezko bikoteak, aurrerakoitzat. Ikerketek, ordea, ondorioztatu dute ez dela horrela».

Uste horiek gaindituta, etenik gabe ari da hazten izatezko bikoteen kopurua. Eusko Jaurlaritzak badu izatezko bikoteen erregistro bat; 23.313k emana dute izena, eta gaur egun 20.408k segitzen dute elkarrekin. Nafarroan, aldiz, udalek eramaten dute zerrenda herriz herri. Urtero ari da hazten kopurua, baina ezkontzen direnak baino gutxiago dira. Batez beste, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bost ezkontzako bi izatezko bikotek ematen dute izena.

Zertan izan dezakete buruko mina bikote horiek? «Pentsioak dira adierazlerik argiena: legea gizartearen atzetik doa», dio Abellak. Ezkonduei eta izatezko bikoteei legeak ematen dien tratu ezberdina azaldu du: «Ezkonduei jartzen ez dizkieten baldintza gehigarri batzuk dauzkate izatezko bikoteek: gutxienez bi urtean egotea erregistroan, elkarrekin erroldan bost urtean gutxienez egotea, eta irizpide ekonomiko bat». Bietatik gehien kobratzen duena hilko balitz, besteari emango liokete alargun pentsioa; alderantziz gertatuko balitz, ordea, ez.

Paper gutxiago egin beharra du alde ez ezkontzeak, eta, banaketa kasuan, kontuak errazagoak izatea. Hori horrela dela onartu du abokatuak, baina ñabardurak egin ditu: «Kontuak aldatu egiten dira tartean umeak baldin badaude. Kasu horretan, banatzekotan, auzitegira berdin joan beharko dute ezkonduek eta izatezko bikoteek, haurrari buruzko neurriak adosteko». Tramiteak antzekoak direla esan du Abellak: «Abokatu gisa, berdintsu zait gurasoen eta seme-alaben arteko harremanetarako neurriak eskatzea edo dibortziorako auzi eskea jartzea».

Banaketa edo dibortzio kasuan ere legeak desberdin hartzen ditu ezkonduta egon direnak eta izatezko bikote izandakoak. «Ezkonduta egon direnek, nahiz banandu, badute alargun pentsioa jasotzeko aukera. Genero indarkeria jasan duenari automatikoki ematen zaio; diru desorekak frogatzen dituenari, konpentsazioa ematen diote». Izatezko bikote izan direnek, berriz, ez dute aukera hori. «Ezkondu ohiei orain arte baldintzarik ere ez zieten jartzen».

Gero eta gehiago dira ezkontzatik kanpora jaiotzen diren haurrak. Kopurua hirukoiztu egin da hamar urtean Hegoaldean: 2009an 8.397 ume izan zituzten ezkondu gabeko andreek; 1999an, 2.858. INEren azken datuak dira. Joera hori indartzen ari da, gainera. Herenegun eman zuen datua Eustatek, aurtengo lehen hiru hilei dagokiena: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ezkontzaz kanpo jaiotzen da hiru umetik bat. 5.032 haur sortu ziren; 1.683, ezkontzatik at. Iazko aldi berarekin alderatuta, %2,4 hazi da proportzioa.

Ezkontzeko arrazoien artean haurrak badaudela azaldu du soziologoak: «Une horretara arte ezkondu ez, eta askok umeak etortzean erabakitzen dute hori». Abokatuen bulegoetan maiz ikusten dituzte horrelako bikoteak: emakumea haurdun, eta kezkati, legea nola ote dagoen. «Ikusten ari gara bikote asko urteetan izena eman gabe bizi izan direnak eta umeak jaio direnean izatezko bikote gisara izena ematea erabaki dutenak, uste dutelako horrela umea babestuago egongo dela».

Bai baitira bikote harremana izan eta inon izena ez ematea erabakitzen dutenak. «Jendeak erabakitzen duenean elkarrekin bizitzera joango direla baina ez direla ezkonduko, nik uste dut hor badagoela hasiera batean errebindikazio politiko bat: 'Ez dugu behar estatuaren aitorpena'», adierazi du Luxanek. Legearen aurrean babesik ez daukate bikote horiek. Argi adierazi du Abella abokatuak: «Ezkondu edo erregistroan izena eman gabe baldin badaude, bikoteko kideak pertsona arrotzak dira legearen aurrean».

«Ezkontza jada ez da betiko»

Erregistroan izena eman gabe zail da frogatzen izatezko bikote harremana. «Lege aldaketekin aukerak zerbait zabaldu dira izatezko bikoteek hala direla frogatzeko eta horrela pentsioetara-eta sarbidea izateko», esan du Abellak. Ordea, zailtasunek segitzen dute. Espainiako Auzitegi Gorenak oraindik orain eman du epai bat izatezko bikote baten aurka. Erregistroan izena emateko zeuden, andreak dibortzioa lortu gabe zuelako aurreko harreman batetik. Seme-alabak zituen izatezko bikoteak, eta familia liburua harremanaren frogatzat hartzeko eskatu zuen andreak, hala pentsioa kobratzeko eskubidea izan zezan. Ezezkoa eman zioten.

Egoera hori izanda, legeak berak egiten du dei izatezko bikote izatera edo areago ezkontzera? «Eskubide batzuk lortzen dira. Hori horrela izanda, ez da harritzekoa jendeak horretara jotzea», dio soziologoak. Horrelakoak lehen ere gertatu direla azaldu du. Suediako adibidea jarri du, legea aldatuta ezkontzak lehenetsi zituztenekoa. «Ezkontza tasa izugarri igo zen, legeak eskubide gehiago aitortu zizkielako ezkonduei».

Euskal Herrian ere hori gertatzeko aukerak badaudela uste du: «Ez ezkontzeko hautuak baditu ondorioak, eskubide batzuk ez izatea, alegia». Hala, inguruan ikusten ari dena aintzat hartuta, joera bat nabarmendu du: «Urteetan ezkondu gabe bizi izan diren batzuk adinean aurrera egin ahala ari dira ezkontzen, eskubide horiek lortu nahi dituztelako».

Legea aldatzeko itxaropena badu Luxanek, baina adierazi du gizartean oraindik oso errotuta daudela ezkontzaren ingurukoak. «Familia oinarrizko instituzioa da gure gizartean. Ezkontzea bizi ibilbideko etapa da oraindik». Aurrerapausoak ikusi ditu, hala ere: «Kontratua da ezkontza. Baina jada ez dira bat; bi pertsona izaten jarraitzen dute. Ikusi besterik ez dago dibortzio datuak. Jadanik ezkontza ez da betirako. Banatzea aurreikusten den aukera da». INE: Hegoaldean iaz 5.468 bikote banandu ziren, ezkondutakoen ia erdiak —10.638 ezkondu ziren—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.