EUSKARA. HIZKUNTZ EREDUAK HEZKUNTZAN

Legeak ez du oztoporik jartzen Nafarroa osoan D eredua ezartzeko

Azken emaitzen arabera, euskara hutsezko lerroa nagusi da Iruñerrian, irakaskuntza publikoan

Alberto Barandiaran.
IRUÑEA
2005eko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Euskarazko eredua, D eredua alegia, Nafarroa osoan ezartzeko inolako trabarik ez dago. Legeak, behintzat, ez du jartzen. Hala ondoriozta daiteke Euskararen Legeak eta dekretuek irakaskuntzaz diotena arretaz irakurrita. Horregatik, azken asteotan hizkuntza eremuak eta legea bera aldatzeko aurkezten diren lege proposamen eta mozioek, berez, ez dute askorako balio. Legeak garaiko gobernuaren borondatearen menpean uzten baitu, utzi ere, irakaskuntza antolatzeko eskumena.

Hori da ardatz nagusia: borondatea. Horrek zedarritzen du, mugatzen, euskarazko irakaskuntza Nafarroan. Eta, hala ere, azken urteotako joerei erreparatuz gero behintzat, gizartearen ekimena inertzia eta norabide asko aldatzeko gai izan dela baiezta daiteke.

Hiru hizkuntza eremu, lau eredu

Nafarroako hizkuntza ereduen historia 1986ko Euskararen Legearekin hasten da. Hiru hizkuntza eremuak ezarri ondoren, Hezkuntza Departamentuak irakaskuntza antolatzeko agindua eman zion Pakita Zabaleta irakasleari. Funtsean, EAEn erabiltzen ari ziren hiru ereduak kopiatu ziren, eta G eredua sortu zen. Eremu euskaldunean: D euskara hutsean, A gaztelania hutsean, eta euskara ikasgai eta B ereduak euskara eta gaztelania erdibana; eremu mistoan, aurreko hirurak eta G eredua dena gaztelaniaz; eremu ez euskaldunean, azkenik, A eta G.

Legea aurretik zegoen egoera arautzeko onartu zen, Legea bera baino lehenago euskarazko irakaskuntza eskaintzen zuten hainbat ikastetxe bazirelako Nafarroako irakaskuntza publikoaren sarean. 1977tik, legez kanpokoak ziren gelak irekita zeuden. Goizuetan, esaterako. 1978an, Iruñean, udal ikastolak sortu ziren. Lerroak eta gelak legez kanpokoak izanik, irakasle lanposturik ere ez zegoen. «Irakasle eta gurasoen mugimenduri eta lanari esker ezarri zen euskarazko irakaskuntza», gogoratu du Rikardo Ederra Sortzen-Ikasbatuaz-eko kideak.Ereduak ezartzearekin batera, irizpideak ere onartu ziren. Haien arabera, Administrazioak, berez, ereduak eskaini egiten ditu, eta gurasoek aukeratu egiten dituzte. Eremu euskaldunean, euskararen irakaskuntza derrigorrezkoa da. Legea ez da betetzen, noski, ez Lanbide Heziketan, ezta 0-3 urte arteko zikloan ere. Hau da, ez derrigorrezkoetan. Ezta Iruñean zentralizatuta dauden zerbitzuetan edo arreta berezia behar duten ikasleen kasuetan ere.Eremu mistoan, borondatea da hitza. Legeak gurasoei aitortzen die eskakizunak egiteko gaitasuna. Hori bai, gutxieneko neurriak jarrita. Hau da, hirietan, hogei ikasle eskatzen du, gutxienez, lerroa zabaltzeko. Herrietan, hamabost. Praktikan,soilik D ereduaren kasuan betetzen da. Lerro erdaldun asko zortzi ikaslerekin bakarrik mantendu izan dira. Nolanahi ere, D ereduko lau ikastetxe publiko ziren duela zazpi urte, eta egun bederatzi dira. Eta Iruñerrian, D eredua nagusi da lerro publikoan.Zona ez euskaldunean, promozioa da legeak erabiltzen duen irizpidea. Hau da, Administrazioak ez du eskaerari erantzun beharrik, baina ez litzateke, inola ere, legearen aurkakoa izango. Beste hitzetan esanda: inongo gobernuk ez luke inolako arazorik izango Tuteran, esaterako, euskarazko irakaskuntza publikoa eskaintzeko. Bestela, ikastolek ere ezingo lukete eurena atera...Inguru honetan, hain zuzen ere, A eredua nagusitu egin zaio G ereduari azken urteotan. Honek, irakaskuntza publikoan ari direnen irudiko, zonen araberako mugaketaren argudio nagusia deuseztatzen du, euskarazko irakaskuntzaren aldeko jarrera erakutsiko lukeelako.

Orain arteko azterketetan,D eredukoen emaitza onak

Ebaluaketaz iritzi kontrajarriak daude. Santiago Arellano aurreko Hezkuntza Zuzendari Nagusiaren ekimenez kalitatearen irizpideekin kezkatuta beti, ikastetxe publikoetan azterketak egiten hasi ziren duela lau bat ikasturte. «Datu horiek ez dituzte publiko egin» azaldu du Ederrak, «baina euskarazko irakaskuntzak, D ereduak alegia, oso datu onak atera ditu beti. Eta kontuan hartuta azterketak, berez, erdarazkoentzat eginak direla». Emaitza hauek, Ederrarentzat, euskarazko irakaskuntzako irakasleen prestakuntzarekin lotuta daude. Irakasleen prestakuntza hobetzeko ikastaroetan D ereduko irakasleak nagusi dira beti.

EAEko ikasleen artean egindako azterketen haritik, irakaskuntza publikoa gehien sustatu duen Sortzen-Ikasbatuazeko elkarteko kideak azterketa horien egokitasunaz zalantzak agertu ditu. Nafarroan ez dira orain arte egin. «Oraindik ezartzeko bidean dauden ereduen inguruan eztabaidan hastea, akaso, latza da. Baina garbi dago», dio Erreak, «egungo ereduek ez dutela gure kulturari buruzko benetako hezkuntza eskaintzen».

-

EREDUEN BILAKAERA



 

Euskarazko ereduak gora Nafarroa osoan





Nafarroan zaila da oso urtez urteko konparaketak egitea, Hezkuntza Departamentuak inoiz ez baititu erraztasunak ematen datu guztiak publiko egiteko, eta, gainera, euskarazko irakaskuntza eskaintzen duten hainbat gela eremu ez euskalduneko edo Berako ikastoletakoak, esaterako ez dituelako datu ofizialetarako kontuan hartzen. Nolanahi ere, hainbat ideia nagusi ondoriozta daiteke. Nagusiki, gaztelania hutsezko eredua ia desagertu dela eremu euskaldunean, eta A eredua asko indartu dela ez euskaldunean. Ingelesa maila guztietan sartu denetik, D eredua ez dela batere jaitsi. Finean, hau dela goranzko joera etengabea daukan bakarra. Halaber, PSNk hainbeste aldiz aldarrikatu duen B eredua, erabat bazterreko geratu dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.