Laura Mintegi EH Bilduko parlamentaria bihar Eusko Legebiltzarrean Fernando Buesa eta Jorge Diez gogoratzeko egingo den ekitaldian izango da, 11:30ean. Efe albiste agentziaren arabera, EH Bilduren ekimena izan da omenaldia egitea, ordu erdi geroago senideek egingo duten lore eskaintzan euren parte-hartzeak senideei eragin diezaieken deserosotasuna dela eta.
EH Bilduk bozeramaileen batzordean egin du proposamena, eta UPD izan ezik, beste alderdi guztiak ados egon dira. Bihar Legebiltzarraren saioa omenaldia egiteko bertan behera geratuko da. Senideen lore eskaintza Askatasunaren Lorategietan egingo da, Fernando Buesa fundazioak antolaturik.