Legebiltzarraren babesa jaso dute Errenteriako hiru gazte auzipetuen senideek

EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE prest daude adierazpen bat adosteko. «Babesgabetasuna» salatu dute gazteen gurasoek

Etorkizunaren Alde plataformako kideak, atzo, legebiltzarrean. JUANAN RUIZ/ ARP.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2017ko urriaren 5a
00:00
Entzun
«Ezintasuna» eta «babesgabetasuna» sufritzen ari direlako, laguntza eske joan dira duela zazpi hilabete Iruñean atxilotu zituzten Errenteriako (Gipuzkoa) hiru gazteen senideak Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordera. Gazteen senide eta lagunek osatzen duten Etorkizunaren Alde plataformako ordezkariek eta Errenteriako alkate Julen Mendozak eskaera zehatza egin diote legebiltzarrari: onar dezala ekinbideren bat gazteen «oinarrizko eskubideen» defentsan, eta, haren bitartez, besteak beste, eska dezala kasua Iruñean epaitua izan dadin.

Giza Eskubideen Batzordearen gehiengoak —EAJk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PSEk—bat egin du auzipetuen gurasoen aldarrikapenekin, eta haien aldeko proposamen edo adierazpen bat onartzeko prest agertu da. PPk ez gainerako taldeek babestu egin dituzte gazteen senideen eskaerak, hala nola ekintzak ez liratekeela «terrorismo» gisa hartu behar, gazteen «errugabetasun printzipioa» errespetatu beharko litzatekeela eta epaituak izan arte gazteek aske geratu beharko luketela. Adierazgarria izan da PPko Juana Bengoetxeak izan duen jarrera: adierazi du «bihotzez» espero duela auzia Iruñeko epaitegi arrunt batean epaitua izatea eta epaiketa hori lehenbailehen egitea, baina, aldi berean, ezinbestekotzat jo du gazteek istiluetan izandako «erantzukizuna» bere gain hartzea. Hori hala, ez du bat egin adierazpen bat adosteko gehiengoaren asmoarekin.

«Neurririk murriztaileena»

Joan den martxoaren 11n atxilotu eta espetxeratu zituzten Errenteriako hiru gazteak —beste bat ere auzipetu zuten, baina adingabea da— manifestazio batean sortutako istiluengatik. Espainiako Auzitegi Gorenak erabaki zuen istiluak Auzitegi Nazionalean ikertzea, «terrorismoa» izan daitezkeelako, eta harrezkero behin-behineko espetxealdia betetzen ari dira. «Ezintasuna eta babesgabetasuna sufritzen ari gara gure semeak liskarretan amaitu zen manifestazio batera joateagatik terrorismo gisa epaituak izan daitezkeelako». Barrutik mintzatu zaizkie legebiltzarkideei Patxi Petrirena gazteetako baten aita: «Aurrekaririk gabeko gazteak dira, baina neurririk murriztaileena ezarri zaie. Euren bizitzak, harremanak, ikasketak eta lanak eten dira».

Gogoratu du Nafarroako Auzitegiak kasua Iruñean epaitzearen alde egin zuela, eta Gorenak hartutako erabakia «neurrigabea» izan dela. Gertaera berberak beste nonbaiten gertatu izan balira ez zela halako deliturik leporatuko uste du. Legebiltzarrak agertutako babesa eskertu du, halaber.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.