konponbideari begira

Legelariekin batera konferentzia bat egingo du Bake Bideak, Parisen

Besteak beste, ETAren desegitearen ondoren eremu judizialean "bilakaera bat" posible den aztertuko dute. Hilaren 13an izango da saioa. 

Michel Tubiana, iazko abenduaren 9an, Parisen, 'Bakea Euskal Herrian: orain presoak' manifestazioan. ISABELLE MIQUELESTORENA
enekoitz esnaola
2018ko abenduaren 4a
07:32
Entzun

Bakea Euskal Herrian Parisko legelarien batzordeak eta Parisko abokatuen bazkunak, Bake Bidearen sostenguarekin batera, konferentzia bat antolatu dute hilaren 13ako —osteguna—, Frantziako hiriburuan. Parisko abokatuen kolegioaren etxean izango da saioa, 19:00etatik 22:00 arte, Zigorraren zentzua bakearen ondoren lelopean.

Serge Portelli juristaren edota Anaiz Funosas Bake Bideko presidentearen sarrerako hitzen ostean, lehen hitzaldien txanda izango da. Gaia: ETA erakundearen eta errepresioaren bilakaera historikoa. Xavier Crettiez Zientza Politikoetako irakasleak ETA: erakunde armatu baten historia soziala izango du hizpide; Emmanuel Pierre Guittet Zientzia Politikoetako doktoreak, ETAren kontrako errepresioa; eta Paco Etxeberria auzi medikuak, Torturaren praktika euskaldunen kontrako español prozeduretan.

Bigarren gaia, ETAren desegitearen aurrean erabaki judizialak: posible al da bilakaera bat? izango da, eta Jean Paul Cere Zuzenbide Penaleko Frantziako Elkarteko presidentea mintzatuko da: Frantziako praktika judizialean ETAren desegitearen kontuan hartzea.

Mahai inguru bat izango da ondotik, eta, besteak beste, Michel Tubiana Giza Eskubideen Ligako ohorezko presidenteak eta Xantiana Cachenaut abokatuak hitz egingo dute.

Philippe Texier magistratuak egingo du konferentziako bukaerako hitzartzea.

Jardunaldian egoteko izena emateko aukera jarri du Bake Bideak.

Iazko abenduaren 9an Bakea Euskal Herrian: orain presoak lelopean manifestazio bat izan zen Parisen, Ipar Euskal Herriko hainbat eragilek sustatua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.