Aiaraldeko 18 herritar zigortu ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak, 2003an Laudion (Araba) egindako udalbatzar batean legez kanporatzeak salatzeagatik. PPko zinegotziei eraso egitea leporatuta, 19 pertsona epaitu zituzten, eta bakarra absolbitu dute.
Oier Amorrortuk eta Aitor Goikoetxeak urtebeteko espetxe zigorra jaso dute «mehatxu terroristak» egiteagatik; eta «Espainiako Estatuko instituzioen aurkako delituak» egitea egotzita, bi hilabetekoa, haiez gain, Angel Benitok, Gaizka Amorrortuk, Alfredo Remirezek, Asier Barruetabeñak, Beñat Mendigurenek, Aitor Basterrak, Iker Roizek, Oihana Gomarak, Carmelo Serranok, Saioa Ugarrizak, Jon Ander Altubek, Eulalia Aramendik, Kepa Garrotek, Urtzi Goitiak, Miguel Angel Matek eta Jesus Mari Gomezek.
Epaimahaiak dio «Batasunarekin duten harremana edo sinpatia» dela medio zigortuek PPko zinegotziei eraso egin zietela, Laudioko Udala osatzeko 2003ko ekainaren 14an eginiko udalbatzarrean. Auzipetuek, baina, epaiketan salatu zuten PPko kideek eta euren bizkartzainek erabili zutela indarkeria, eta esan zuten horiek udalbatzar aretora kolpeka sartu zirela. Auzipetuek zioten euren helburua izan zela Pablo Gorostiaga ordura arteko alkateari babesa adieraztea.
Ezker abertzaleak elkartasuna adierazi die zigortuei. Salatu du Justiziak «politizatuta» jarraitzen duela, eta gisa horretako epaiketak «konponbidearen aurkakoak» direla azpimarratu du.
Legez kanporatzeak salatzeagatik zigortuak
Aiaraldeko 18 lagun zigortu dituzte, 2003ko udalbatzar batean PPko zinegotziei eraso egitea egotzita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu