Legeztatzeko zirrikitua

Nafarroako Gobernuak hil honetarako iragarri du irrati lizentzien lehiaketa, eta prestatzen ari da Euskalerria irratia

mikel p ansa
2012ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak 2006an hasi zuen irrati lizentziak partitzeko prozesua sei urtez geldirik egon da. Espainiako Gobernuak ikus-entzunezkoen lege berria onartu zuen 2010eko maiatzean; legedi berriari zegokion dekretua prestatzen aritu da Nafarroako Gobernua. Otsailaren 13an Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen ikus-entzunezkoen dekretu berria; ez dago atzerapenetarako arrazoirik, eta gobernuak iragarri du hil honetan aterako duela irrati lizentzien lehiaketa. Hartara aurkezteko prestatzen ari da Euskalerria irratia. 2006an banatu gabe gelditu ziren lizentziak partituko dituzte, beraz. Herrialde osoan berrogei lizentzia eskainiko dituen arren, Iruñerrian bi bakarrik izango dira. Lehia estua izango da, beraz: hautagai asko, eta bi lizentzia bakar.

Eta, tartean, Euskalerria irratia. irratiko zuzendari Mikel Bujandak uste du deialdiak eta Nafarroako Gobernuaren dekretuak irrati kate handienei mesede egingo diela: «Borroka Iruñerrian dago; hautagai asko eta indartsuak. Galtzaile asko utziko ditu». Baina itxaropenik ez du galdu Bujandak, eta lehiaketara aurkezteko prestakizunetan ari direla azaldu du, «proiektu onena, egitasmo komunikatibo sendoa, arrazoitua» aurkeztuko dutela.

Nafarroako Gobernuak otsailerako bertarako iragarri du lizentzien lehiaketa; behin argitaratuta, gehienez ere sei hilabeteko epean ebatzi beharko du irrati lizentziak norentzat izango diren. Bitartean, ahalik eta proiektu sendoena aurkeztea da Euskalerria irratiaren asmoa. Baina irratiak badu eskakizun bat gobernuarentzat, lehiaketa argitaratu aitzinerako: «Egin dezatela azterketa bat: zer eskaintzen den Iruñerriko irrati dialean, eta zer eskaintza egon daitekeen bikoiztuta, ikusteko non dauden beharrak eta premiak». Iruñean euskara hutsean aritzen den irrati bakarra da Euskalerria irratia.

Beste kontu bat aintzat hartzeko ere eskatu du Bujandak: «Muina izan dadila komunikazio sozialerako proiektua, ez besterik. Batzuetan, ematen du lizentziak emateko orduan pisu gehiago duela proiektuen historia juridikoak, ekipamendu teknikoak edo enpresa ahalmenak».

Ikus-entzunezkoen Nafarroako dekretu berriak aipatzen du euskarazko programazioa eskaintzen duten proiektuek balorazio hobea izango dutela. Baina lizentzien lehiaketa argitaratu arte ez da jakingo zenbateko garrantzia izango duen puntu horrek. «Ikusi beharko da lehiaketarako deialdiaren dekretuak zer esaten duen», Bujandaren hitzetan. Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzaren bidea ekarri du gogora Euskalerria irratiko zuzendariak: euskarazko irratientzako berariazko lizentziak gordetzeko eskea egina du. Bilbon, esaterako, badira bi lizentzia euskarazko irratientzat. Iruñean, eta Nafarroan, ez da halakorik.

1998tik UPNren zain

Orain lehiaketara aurkezteko indarrak prestatzen ari badira ere, Euskalerria irratiko langileek ez dute ahantzi irrati lizentziak banatzeko 1998ko prozesua. Ebaluazio mahaiak emandako puntuen arabera, Euskalerria irratiak zuen lizentzia eskuratzeko puntu gehien. «Baina gobernuak ebatsi zigun, irregulartasun larriak eginik». Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak bi alditan esan dio gobernuari prozesu irregularra izan zela eta lehiaketa hura bukatu behar dela. UPNko gobernua ezezkoan dago, ordea. Auzia Espainiako Auzitegi Gorenera eraman zuten Nafarroa Unibertsitateak eta gobernuak; irratiak ez daki noizko ebatziko den.

Bestalde, Espainiako Kongresuak 2010eko martxoan adierazi zuen, NaBairen ekimenez, beren borondatearen kontra egoera irregularreanzeuden irratien egoera berriro aztertu behar zela. Orain arte alferrik izan da. «UPNren erantzuna, sistematikoki, ezezkoa izan da». Baina 2013ko azaroaren 7an emititzen hasi zenetik 25 urte beteko ditu Euskalerria irratiak, eta ordurako erronka jarria dio bere buruari: «Baietz ospatu legeztatuta!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.