Gaztea ez dago Gorbeian, Ertzaintzako iturrien arabera, eta kasua "Poliziaren esku" geratu da. Ertzaintzako iturriek BERRIAri azaldu diotenez, "zantzu batzuk" topatu dituzte, adierazten dutenak gaztea ez dagoela mendian.
Josu Zubiaga Segurtasun sailburuordeak agindua eman du Gorbeian galdutako 19 urteko gaztearen mendiko bilaketa bertan behera uzteko. Aurrerantzean, kasua "Poliziaren eskuetara" pasatuko da. Zubiagaren esanetan, hainbat pertsonak azaldu dute gaztea Gorbeiatik gertuko "zenbait herritan" ikusi dutela.
Giltza batzuk eta diru zorroa aurkitu dituzte Legution (Araba), eta Ertzaintza han ari da bilaketa egiten. Urrunagako urtegia Legution dago, eta han ere ari dira bila.
Segurtasun sailburuordeak azaldu du zabalik daudela hipotesi guztiak. "Nahita egon daiteke desagertuta, galduta egon daiteke, konortea galdu eta noraezean egon liteke... Hipotesi guztiak aztertzen ari gara".
Egunotan bilaketa lanetan parte hartu dutenei eskerrak eman dizkie Segurtasun Sailak.