Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Nafarroa

Lehen aldiz, Nafarroatik bi diputatu abertzale joango dira Kongresura

Amaiur hirugarren indarra izan da, 49.064 boto aterata; 393 botoren aldearekin, azken diputatua kendu dio Geroa Baik UPN-PPriBigarren indarra izan arren, 2008ko bozekin alderatuta, %38,4ko jaitsiera izan du PSNk

Carlos Salvador UPNren hautagaia botoa ematen. IDOIA ZABALETA/ ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2011ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Garaipen mingotsa lortu zuen atzo UPN-PP koalizioak. Nafarroako eskuineko bi alderdien arteko koalizioak, espero bezala, garaipena eskuratu zuen. Botoen %99,9 zenbatuta, 125.935 bozeskuratu zituen, duela lau urte baino %5,4 gutxiago. Jaitsiera hori erabakigarria izan zen, gau osoan zehar Geroa Baik azken diputatua eskuratzeko lehia estua izan baitzuen UPN-PPrekin, eta azkenean, 393 botoren alde txikiarekin Uxue Barkos hirugarren aldiz Madrilera joango da. Amaiur koalizioak ere diputatu bat eskuratu duenez, lehen aldiz historian Nafarroatik bi diputatu abertzale joango dira Espainiako Kongresura. Dimentsio historikoa ematen dio emaitzari. Izan ere, PPk azken gehiengo absolutua lortu zuen urtean (2000) diputatu abertzale bakar bat ez izatetik, bieskaintza abertzale nagusiak diputatu bana izatera pasa dira hiru legealdiren buruan Nafarroan.

Hauteskundeotan, Amaiur koalizioak Nafarroako hirugarren indarra izatea lortu du: 49.064 boto lortu ditu, %99,9 zenbatuta. Emaitza horrek ahalbidetu egiten dio inkesta gehienek ematen zioten diputatua lortu ahal izatea, eta hartara Sabino Cuadra Kongresuan Amaiurren parlamentu taldeko kide bat gehiago izango da. Dena den, koalizioak hauteskunde amaieran bere buruari jarritako beste erronka ez du erdietsi; hau da, ez du lortu bigarren alderdia izatea eta hartara Maite Iturri ez da Senatura joango. Bi diputatu lortu ahal izatetik, berriz, urrun ibili da.

Hauteskunde orokorretarako Aralarrek Amaiur koalizioaren partaide izatea erabaki eta gero, maiatzeko hauteskundeekin alderatuta, Amaiurrek Bilduk baino 6.948 boto gehiago lortu ditu (beti ere %99,9 zenbatuta).

Geroa Baik, berriz, erronka zaila bezain arriskutsua zuen. Eremu abertzalean, Amaiurrek aurrea hartu badio ere, 42.372 boto eskuratu ditu, eta D'Hont legearen arabera, 393 botoren aldearekin Nafarroan banatzen zen azken diputatua eskuratu du.

PSNren porrota

Ironikoki, Nafarroan lehen bi postuetan geratu diren indarrek kezkatzeko moduko datuak eskuratu dituzte. Batez ere PSOE-PSNk. Maiatzeko foru parlamenturako hauteskundeetarako odolustea geraraztea lortu du (orduan 51.238 boto eskuratu zituen), eta oraingoan Espainiako Gobernua jokoan zegoenez, 72.591 herritarrek eman diote babesa. Dena den, 2008ko hauteskundeekin alderatuta, %38,4ko boto galera izan du PSNk: lau urteren buruan, 45.329 boto gutxiago eskuratu ditu, alegia. Horrenbestez, diputatu bat gutxiago izango du.

2008ko emaitzekin alderatuta, UPN-PPk 7.129 botogutxiago izan ditu. Duela lau urte bezala bi diputatu izango ditu eta beste hiru senatari. Dena den, Espainiara begirako bozak zirela kontuan hartuta, maiatzeko bozekin alderatuta ez du lortu boto gehiago erakartzea. Bere muga 126.000 bototan dago, eta arerio nagusiek diputatu bana lortu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.