'Cabacas auzia'

Lehen lekukoek auzitan jarri dute ertzain gehienen bertsioa

Lehen egunean, akusatutako ertzain gehienek esan zuten Iñigo Cabacasen heriotza eragin zuen operatiboa "zuzena eta egokia" izan zela. Gaurko lekukoek frogatu dute, Cabacas sendiaren abokatuaren arabera, ez zela gertatu ertzainen oldarraldia justifikatzeko moduko ezer. Epaiketaren berri zuzenean eman du Gotzon Hermosilla kazetariak.

Auzipetutako ertzainak, bizkarrez, akusatuen aulkian, atzo. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
gotzon hermosilla
2018ko urriaren 16a
07:14
Entzun

Amaitu da, Bilboko Justizia Auzitegian, Iñigo Cabacasen hilketaren auziaren epaiketaren bigarren saioa. Hamar lekukok deklaratu dute gaur. Garrantzia kendu diete denek ertzainak etorri aurretik izandako liskarrari; zenbait, ohartu ere ez ziren egin. Ertzainen jarrera oldarkorra nabarmendu dute. Gotzon Hermosilla BERRIAko kazetaria epaitegitik bertatik aritu da kontatzen, Twitterren. 

Horra gaurko deklarazioak:

Lehen lekukoa: autobus gidaria

Gertaeren unean, handik pasatu zen autobus gidari bat.

-Atzo deklaratu zuten ertzainek esan zuten autobus horretako bidaiariak babesteko egin zutela tiro, baina gidariak azaldu du autobusa hutsik zeramala.

Bigarren lekukoa: Cabacasen lagun bat.

Athleticen garaipena ospatzen geratu zen, Cabacasekin batera.

-Jai giroan zeudela, liskar txiki bat ikusi zuen, baina ez zion garrantzirik eman, eta ospakizunetan jarraitu zuten.

-Orduan, Ertzaintzaren furgonetak agertu eta oldartu egin zitzaizkien, abisurik eman gabe. Jendeak ez zien ezer bota.

-Oldarraldia hastean banatu egin zen Cabacasengandik. Zenbaitek botilak bota zituzten, baina ertzainek tiro egin ostean, eta gutxi izan ziren.

-Lagun batek makurtzeko esan zion, “jotzera” tiratzen ari zirelako. Orduan entzun zuten zauritu bat zegoela: “Nire bizitza osoan inoiz ez dut hainbeste odol ikusi. Oldarraldia ez zegoen justifikatuta, han ez zelako ezer gertatzen ari”.

Hirugarren lekukoa: Cabacasen lagun bat.

-Bi lagunen artean bultzaka aritu ziren, baina joan egin ziren gero, eta hogei minutura iritsi ziren ertzainak. Oldarraldia hastean, Kirruli tabernan babestu zen: “Ez genuen ulertzen zergatik egiten zuten tiro. Ikaratuta geunden. Jendeak ez zuen ezer botatzen, euren buruaz babestea baino ez zutelako pentsatzen”.

-Ertzainek "mugitzen zenari" tiro egiten zioten, lekukoaren arabera. Taberna barruan sorbaldan zauria zuen pertsona bat ikusi zuen: “Ez dut inoiz ikusi horrelako zauririk”.

-Laugarren lekukoa: Cabacas artatzen saiatu zen soroslea.

-Kataluniatik etorritako neskak lehenbizi balazta soinuak entzun zituen, eta, ondoren, tiro hotsak. Hogei bat tiro entzun ondoren, gazte bat ikusi zuen plastikozko botila bat botatzen; ez zuen ertzainen kontrako beste erasorik ikusi.

-Ertzainek "eskopeta artez zutela" egiten zuten tiro, eta gerritik gora. “Tiro egiten zuten gu fusilatzen egongo balira bezala”.

-Soroslearen lagunek ertzainengana jo zuten eskuak altxatuta, baina kolpeka hartu zituzten. Cabacasi pultsua hartzen saiatu zen soroslea, baina ez zuen ezer entzuten, ertzainen tiroengatik.

-Anbulantzia oso berandu iritsi zen. Arrazoia galdetu zion erizain bati, eta erantzun zion ertzainek ez zietela sartzen utzi. Negarrez amaitu du azalpena: “Nik ordura arte uste nuen polizia laguntzeko zegoela. Nik egin nuen bakarra zauritu bati laguntzea izan zen, zergatik mehatxatu ninduten?”.

Bosgarren lekukoa: soroslearen laguna.

-Aurreko deklarazioak berretsi ditu.

Seigarren lekukoa: bizilagun bat.

-Balkoitik begira jarri zen tiro hotsak entzun zituelako. Lehenago ez zuen ezer arrarorik ikusi, "jai giroa" besterik ez. Ez zuen inor ikusi ertzainei ezer botatzen.

Zazpigarren lekukoa: teknikaria.

-Ertzainen arteko komunikazioei buruzko txostena egin zuen.

Zortzigarren lekukoa: plazan zegoen gazte bat.

-Ertzaintzaren furgonetak argirik eta sirena hotsik gabe agertu ziren. Lehenengo tiro hotsa entzun zuen lekukoak, eta, segituan, pilota baten kolpea nabaritu zuen ipurdia: “Hurrengoa Iñigo izan zen”.

Bederatzigarren lekukoa: plazan zegoen gazte bat.

-Ez zuen liskarrik ikusi ertzainak tiro egiten hasi aurretik. “Lagunen artean galdetzen genuen: ‘Zertara etorri da hau guztia?’”.

-Lekukoa: “Ertzainen helburu bakarra zen jendeak Iñigo ez ikustea. Ingurukoak uxatzen zituzten borrak erabiliz. Neu ere bota ninduten. Batek galdetu zidan ea haren ‘nobia galdua’ ote nintzen”.

Hamargarren lekukoa: gazte bat.

Futbol partida taberna batean ikusi zuen.

-Ez zuen liskarrik ikusi, ezta Ertzaintzaren furgonetak iristen ere. Tiroak entzun eta pilotak ikusi zituen.

Atzo hasi zen epaiketa. Ertzainek deklaratu zuten, eta bat izan ezik denak bat etorri ziren "zuzena eta egokia" izan zela operatiboa. Ordea, izan zen bat besteen deklaraziotik aldendu zena, operatibo hartan mailarik gorena zuena. Hark kritikatu egin zuen horren antolakuntza, han aritu ziren zenbait ertzainen esperientzia falta eta Deustuko ertzain etxetik eman zioten "denarekin sartzeko" agindua.

Sei urte eta erdi egin dituzte Cabacasen senide eta lagunek epaiketaren zain. Hasieran, epaiketa egin zedin zen haien helburua; orain, ordea, "benetako justizia" eta erantzuleek ardurak onar ditzaten nahi dute. "Iñigo guk geneukan bakarra zen, eta kendu egin ziguten. Horregatik, pozik nago gaur [atzo] hemen gaudelako".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.