EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak egindako adierazpenaren inguruko irakurketa egin du Sortuk. Rufi Etxeberria gatazkaren konponbiderako Sortuko ordezkaria eta Amaia Izko bozeramailea alboan zituela, ezker abertzaleko alderdiak EPPKren adierazpenaz egin duen balorazioa azaldu du Pernando Barrena Sortuko eledunak.
Presoen kolektiboak eginikoa "konponbide prozesuan lehen mailako ekarpena" dela esan du Barrenak, eta nabarmendu du adierazpenaren edukiek ez dutela "zalantzarik" uzten presoek bake prozesuarekiko duten konpromisoaz.
Barrenaren arabera, EPPKren hausnarketaren indarguneak "ukaezinak" dira, eta bake prozesuaren bideragarritasunari "hauspoa" ematen diote. Halaber, uste du presoen gogoetak eta ondorioak "erabat" txertatzen direla "gatazkaren konponbiderako Euskal Herrian zein nazioartean egiten ari diren ahaleginekin".
Espetxe politika aldatzeko abagunea
EPPK-k eginiko adierazpenak "paregabeko aukera" zabaltzen du espetxe politika aldatzeko eta presoen sakabanaketa amaitzeko, Barrenak adierazi duenez. Gaineratu du presoen kolektiboa gatazkaren parte dela eta konponbide prozesuan "subjektu aktibo" izan behar duela. Bere parte hartzea bermatzeko, beharrezkotzat jo du haien sakabanaketa amaitzea.
Horrez gain, Euskal Herriko erakunde, indar politiko eta herritarrei dei egin die espetxe politika "kriminala" gainditzeko konpromisoak hartzera eta mobilizatzera.