EUSKARA

Lehen pausoa Korrikan: baliabideak eskuratzea

Korrika Laguntzailea kanpaina martxan jarri du AEK-k. Durangoko Azokari omen egingo dio. Bideoa: 'Denok Korrikara!' abestiaren bideoklipa: [youtube]http://youtu.be/V8rAFoToicA[/youtube]

Garikoitz Goikoetxea.
2014ko azaroaren 27a
17:10
Entzun

Martxoan egingo dute 19. Korrika, baina lasterketaren aurreko bidea martxan dago dagoeneko. Lehen pauso gisa, baliabideak eskuratu nahi ditu AEK-k, eta kanpaina bat hasi du horretarako. Laguntzaile bila ari dira: hamabi euroren truke Korrika posible egingo duten laguntzaileen bila. Ordain gisara, pin bat jasoko dute laguntzaileek, eta deskontuak egingo dizkiete hainbat saltokitan. Herritarren atxikimendua ezinbestekoa dela nabarmendu du AEK-ko buruak, Mertxe Mugikak: «Garrantzitsua da. Indar berezia ematen digu».

Udaberrian, martxoaren 19tik 29ra egingo dute 19. Korrika; Urepelen (Nafarroa Beherea) abiatuko da, eta Bilbon amaitu. Hamar eguneko bide horretarako, ordea, baliabideak lortu behar dira. Saltokiekin egin dute kanpaina; 300 dendatan baino gehiagotan deskontuak egingo dizkiete Korrikaren laguntzaile txartela dutenei.

Helduen euskalduntzearen egoerak bi alde ditu. Matrikulazioarekin pozarren dira, gorantz ari baita; erakunde publikoek emandako diru baliabideekin, baina, ez daude ados. Mugikak azaldu du azken urteetan bere horretan dagoela aurrekontua Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. «Sektorearen normalizaziorako, ez da nahikoa». Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan igo dituzte laguntzak zerbait, baina apalak dira oraindik, oso baxutik hasi ziren eta. Nafarroan dute egoera larriena: 2012tik ez die dirurik eman gobernuak euskaltegiei. Egoera horretan, ezinbestekotzat jo dute herritarren atxikimendua. Erakundeei eskatu diete pausoak emateko doakotasunerako bidean.

Abenduaren 7an Durangon

Euskararen aldeko lasterketak aldiro omentzen du euskalgintzan ari den eragileren bat. Durangoko Azoka izango da oraingoa; 50 urte beteko ditu 2015ean. «Auzolanean eta elkarlanean» egindako bidea goraipatu nahi du AEK-k. Abenduaren 7an egingo dute ekitaldia, Durangon bertan —egun horietan izango da azoka—. Gerediaga elkartea pozarren agertu da, eta itxaropena agertu du azoka Korrika laguntzailez betetzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.