Alvaro Ortiz de Zarate. T4 elkarteko koordinatzaile nagusia

«Lehen sexu erlazioetan erneago daude; gero galdu egiten da hori»

25 urte daramatza T4 elkarteak eri hiesdunak artatzen,eta gaixotasuna prebenitzeko baliabideak sustatzen; urtemuga aurkeztearekin batera ohartarazi dute eritasunari buruzko informazioan hutsuneak badirela.

arantxa iraola
2017ko martxoaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gazteei zuzenean galdezka ibiltzeko hautua egiten dute T4 elkarteko kideek Bilboko Aste Nagusian, jai giro betean; sexu harremanei buruz galdetzen diete, dituzten praktiken inguruan, eta, hiesaren kontrako elkartea nola diren, bereziki argitu nahi izaten dute gaitza saihesteko prebentzio neurriei buruz zer informazio duten nerabe eta gazteek, eta, batez ere, preserbatiboaren zer-nolako erabilera egiten duten. Iaz, 377 gazteri hurbildu zitzaizkien galdezka, eta atzo aurkeztu zituzten erantzunetatik atera dituzten datuak. Bide batez, elkartearen 25. urtemugaren harira antolatu dituzten jardunbideen berri eman zuten. Alvaro Ortiz de Zarate, elkarteko koordinatzaile nagusia, egin zituzten agerraldietako solaskideetako bat izan zen. Aurkeztu dituzten datuei adi erreparatu behar zaiela pentsatzen du: «Asko dago egiteko oraindik».

Aurkeztu dituzuen datuen artean, zein dira deigarrienak?

Badira datu esanguratsuak. Bat da, esaterako, preserbatiboaren batez besteko erabilera 15-17 urte arteko gazteen artean altuagoa dela; sentsibilizazio handiagoa dute preserbatiboaren erabileraren inguruan 18-20 urte artekoek baino. Hortik ondorioztatzen dugu urteak bete ahala, erlaxatzera egiten dutela. Ohikoagoa bihurtzen da sexualitatea, eta ez dute erlazionatzen preserbatiboaren erabilerarekin. Lehenengo sexu erlazioetan, bai, erneago daude, argiago jasotzen dute inguruan —etxean, eskolan...— preserbatiboaren erabileraren aldeko mezua; baina, gero, mezuaren etengabeko oroitarazpenak hor egoteari uzten dion heinean, galdu egiten da hori. Hona beste kontu deigarri bat: gazteen artean ia hamarretik lauk uste dute penetrazio baginala bakarrik dela arriskuak dituen praktika. Gainerako praktikekin ezin dela GIB birusa transmititu pentsatzen dute, eta, beraz, aho sexuan eta uzki bidezkoan ez dela preserbatiborik erabili behar ondorioztatzen dute; horretan hainbat urteko atzerapausoa ikusten dugu. Erakusten du hutsuneak daudela: lanean jarraitu behar dela. Gazteei informazioa ematen jarraitzeko jar daitezkeen bide guztiak sustatu behar dira oraindik ere.

Andreen ahalduntze urria erakusten duten datuak badira...

Andrazkoen artean %30ek adierazi zuten preserbatiboa erosteko bidea bikotekidea zela; oso deigarria egiten zaigu hori, eta hemen taldean komentatu dugu azken ikerketetan datu hori handitzen ari dela, gainera... Ahaldundu egin behar dira emakumeak sexu harremanetan, beren burua babes dezaten, eta besteena; baina besteen arabera ibili gabe.

Atzemandako hutsuneen aurrean, zer mezu klase plazaratu behar da, zuen iritzian?

Mezua aldatu egin behar da: kontua ez da galaraztea, ukatzea. Plazaratu behar dugun mezuak lotuta egon behar dugu erantzukizunarekin: alegia, gozamenaren kudeaketa arduratsuarekin. Gure kanpainak norabide berri horietan bideratu nahi ditugu; ez dugu nahi preserbatiboa jartzeko agindurik ematea, ez dugu egin behar da, egin behar da, egin behar da horretan katramilatu nahi. Gazte arduratsuak heztea da helburua, neska eta mutil arduratsuak, edozein plazer kudeatzeko orduan erantzukizunez aritzeko gai izango direnak. Sexualitatean, edanean, aisialdian... Denean. Sexualitateak positiboa izan behar duela erakutsi behar da, plazer iturri izan behar duela, eta egoki kudeatu behar dela: norbera zaintzeko, eta ondokoak ere bai.

Garai batean izu giroa zabaldu zen. GIBaren inguruko kezkakegun gazteek bestelako era batean ikusten dituztela esaten da. Datuon atzean hori dago?

Gure ustez, datu horiek, bereziki, erakusten dute kanpaina motak aldatu egin behar ditugula. Zaintzarekin —baita norbere buruaren zaintzarekin ere— kontzientziatutako pertsonak sustatu behar dira kanpaina horien bidez, baina zaintzarekin, oro har. Zaindu egin behar duzu, esan behar zaie gazteei. Baina ez sexu harremanetan bakarrik: Denean zaindu behar duzu. Hori da helburua. Ikuspegi osoago bat dakar horrek, ez koertzitiboa.

Zuzenean mintzatzen zarete zuek gazteekin: zein modutara ikusten dute gaixotasuna?

Den bezalaxe; gaitz kroniko baten gisan. Ez dute beste belaunaldi batzuek dugun pertzepzioa; jendea heriotzaren atarian lagundu beharrean ikusi ginen, gero berriro bizitzen ere irakatsi behar izan genien askori... Etapa hori guztia ez dute bizi gaur egungo gazteek: gaixotasun kroniko bat da haientzat. Eta, halaxe da: gaixotasun kroniko bat da. Seguruenera egungo gazteek ez dakitena da, ordea, zer-nolako eragina duen oraindik gaitzaren inguruko estigmak, eta hiesdunen kontrako zer diskriminazio dagoen...

Tokatzen zaien arte...

Hain zuzen ere. Hori da arazoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.