Lehen urratsa Iruñean, UPNk auzoetako kalejirei jarritako trabak kentzeko

Olentzeroren segizioak, inauterietako kalejirak eta bestelako desfileak espaloian barna egitera behartu zuen UPNk, eta isunak ere jarri zituen. Udal gobernu berriak moldatu egin du arau hori.

Iruñeko Amaiur ikastolako seigarren mailako ikasleak, atzo, Olentzeroren irudia bizkar gainean eramaten. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iruñeko Iturrama auzoko Amaiur ikastolako ikasleak, Olentzeroren iazko desfilean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
Iruñea
2024ko urtarrilaren 22a
16:00
Entzun

Galtzadatik, eta udaltzainek babestuta. Aurrerantzean, Olentzeroren auzoetako segizioek, inauterietako ekitaldiek eta ikastetxeetako kalejirek hiriko beste edozein desfileren estatus bera izanen dute Iruñean, eta aukera izanen dute kale erditik joateko, trafikoa moztuta. Orain arte, UPNk ezarritako udal ordenantza batek auzoetako elkarteak eta eskolak behartzen zituen kaleko ekitaldiak eta segizioak espaloian egitera, Udaltzaingoaren babesik gabe. Oinezkoei traba egitea edo autoen artean ibiltzea, horra azken urteetan antolatzaile askok egin behar izan duten hautua. Horietako batzuek isunak ere jaso dituzte, espaloian ezin kabiturik galtzadara jaitsi behar izan zutelako. Ordenantza hori moldatu egin du EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak osatutako udal gobernuak. Hiri Bizikidetzako eta Segurtasuneko zinegotzi Endika Alonsok iragarri du neurria, udaleko gobernu batzordearen ostean.

Joseba Asironen udal taldearen asmoa da ordenantza berri bat prestatzea, baina bitartean, behin-behineko moldaketa bat egin dute egungoan. Zehazki, esaldi bat ezabatu dute UPNren arautik: eskolek antolatutako kalejiretan trafikoa etetea debekatzen zuena, alegia. «Irizpide horiek arazoak sortu zituzten», azaldu du Alonsok: «Txantrean eta Arrotxapean, adibidez, istripuak gertatu ziren, eta erraldoiak erori egin ziren, espaloian ibiltzera behartzeagatik. Neurria logikarik gabekoa zen, eta gainera, arauaren interpretazioa oso-oso murritza izan da orain arte».

Hain zuzen, ikastetxeak izanen dira irizpide aldaketaren onuradun nagusiak, aukera izanen baitute inauteriko desfileak galtzadan egiteko, udaltzainek lagunduta. Testuaren gainerako puntuak ez dituzte aldatu oraingoz, baina Alonsok iragarri du horiek aplikatzeko irizpideak «askoz malguagoak» izanen direla. Izan ere, auzoetako kalejiren aurkako trabak 2005. urtetik zeuden udal ordenantzan, baina UPNk arau hori zorrotz aplikatu zuen Enrique Maiaren azken agintaldian. 2022an, adibidez, inauteriko desfileak galtzadan egitea debekatu zieten zortzi ikastetxeri, eta, iaz, bederatzik jaso zuten debekua. Auzoetako erraldoien konpartsei eta Olentzeroren segizioei ere traba bertsuak jarri zizkieten.

Iruñeko Udalak adierazi duenez, irizpide berrien helburuetako bat da «desfile horiek guztiek udaltzaingoaren laguntza izatea, antolatzaileekin adostuta, betiere, eta ibilbideetan oinezkoentzako bideak lehenetsita». Aurrerago, udal ordenantza osoa berrituko du udal gobernuko taldeak, «espazio publikoa erabiltzeko irizpideak berdintzeko» eta erabaki arbitrariorik ez izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.