Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Lehendakari trajea jantzita

Raxoirekin, Rubalcabarekin eta Masekin hitz egin du Urkulluk, eta harremanak hasi ditu ordezkaritza duten taldeekin Gobernu ituna egin edo unean uneko akordioekin aritu aukeratu beharko du EAJk

Iñigo Urkullu eta Andoni Ortuzar, atzo, EAJren EBBko bileran. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
2012ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Oraindik ez dute izendatu, baina argi dago. Bera izango da lehendakari berria, eta lehendakari jarrerak hartu ditu jada. Iñigo Urkulluk gai potoloak izango ditu esku artean, askatzeko korapilo handiak: krisi ekonomikoa, bake eta normalizazioa eta nazio egituraketa. Eusko Legebiltzarrean gehiengoa izan arren —27 eserleku izango ditu—, gizartearen kohesioa beharko du gai handi horiek ondo bideratzeko, eta horretan saiatuko dela dio. Aginte makila ez du hartu, baina lehendakari trajea jantzi du, «Euskadiren etorkizuna ahalik eta adostasun handienarekin» eraikitzeko.

Lehendakariari dagokion ardura bere egin du jada, eta hasi da hala balitz bezala jokatzen. Espainiako gobernuburu Mariano Raxoirekin eta Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko buruarekin hitz egin du jada. Horiekin bakarrik ez, Artur Mas Generalitateko presidentearekin ere hitz egin du. Gainera, akordio zabaletarako ateak irekiz, harremanetan jarri da legebiltzarrean ordezkaritza lortu duten taldeetako buruekin ere: EH Bilduko Laura Mintegirekin —21 eserleku lortu ditu koalizioak—,PSEko Patxi Lopezekin —16 eserleku—, PPko Antonio Basagoitirekin —10 jarleku— eta UPDko Gorka Maneirorekin—jarleku bat—.

EBB Euzkadi Buru Batzarreko bilera atzo egin zuten jeltzaleek, jarraitu beharreko estrategia erabakitzeko. Bi aukera dituzte: gehiengo osoaren bila jo edo, batzuekin eta besteekin unean uneko akordioak eginez, gutxiengoan gobernatu. Berez, lehendakaritzara iristeko ez du beste inoren beharrik. Zaila izango da gainerakoek elkar hartzea, eta Urkulluk nahikoa izango du gehiengo sinplearekin bigarren bueltan lehendakari aukeratua ateratzeko. Berak baino boto gehiago lortuko duen beste lehendakarigairik ez denez aurkeztuko, bere alderdikobotoekin aski du.

Hala ere, jarrera irekia erakusteko edo akordioetarako aukerak dauden edo ez ikusteko, bilera sail bat egingo du Urkulluk. Hala esan zuen kanpainan: aurreneko indarrari zegokiola bilerak hastea, aurrena bigarren indarrarekin, gero hirugarrenarekin eta, behar bada, laugarrenarekin eta bosgarrenarekin ere bai. Ikusi egin behar, Mintegik kanpainan esan duen bezala, PSE-EErekin tratua itxita daukan, ala, Urkulluk esan duen bezala, PSE-EErekin zubiak eraitsita dauden, eta hala badaude berriz eraikitzen dituzten edo zer gertatzen den.

Gehiengoa osatzeko hiru aukera ditu EAJk —38 eserleku osatu behar dira—. EH Bildurekin bat egitea da aurrena, 48ko taldea eratuz. Baina kanpainan esandakoen arabera, zaila izango da hori, batez ere gai ekonomikoetan oso irizpide desberdinak dituztelako, eta hori dutelako lehentasun biek. Bigarren aukera, PSE-EErekin elkartzea da, 43 eserleku batuz. Akordio hori itxita dagoela zabaldu den arren, Urkulluk eta Lopezek ukatu egin dute hauteskunde kanpainan. Hirugarren aukera, PP eta UPDrekin bat egitea da, justu-justu osatuz beharrezkoak diren 38 eserlekuak. Horrek ere nekeza ematen du hasiera batean, bake eta normalizazioari dagokionean eta nazio egituraketaren gaian iritzi ezberdinak azaldu baitituzte.

EBB berria

Zer akordio posible ote den ez zen izan EAJren EBBk atzo mahai gainean izan zuen gai bakarra. Izan ere, orain EBBko buru berria aukeratzeko tramiteak abiatu behar dituzte. Andoni Ortuzarrek atzo Onda Vasca irratian esan zuenez, urtarrilera arte ez dute prozesu hori abiatuko. EAJren estatutuek «bateraezin» jotzen dituzte alderdi barruko karguak eta kargu publikoak. Legebiltzarkideek izan ditzakete alderdi barruan ardurak, baina gobernuko kideek ez. Beraz, Urkulluk EBBko kargua utzi beharko du lehendakari izendatzen dutenean.

Hori noiz izango den ez dago jakiterik, nahiz eta abendu erdi alderako data ematen hasi diren zenbait berri agentzia. Aurrena legebiltzarra osatu beharko dute, eta horretarako ere ez dago eperik. 25 legebiltzarkidek beren akreditazioak hartzen dituztenetik aurrera, Diputazio Iraunkorrak legebiltzarra eratzeko osoko bilkura deitu beharko du hamabost eguneko epean.

Egun horretan osatuko da legebiltzarreko mahaia ere. Printzipioz, gehiengo osoz aukeratu behar dute mahaiko lehendakaria, baina halakorik ezean, bi bozkatuenen artean aukeratuko da presidentea, gehiengo sinplez. Legebiltzarra osatzeko bilkura horretan ikusten da normalean gobernu itunik dagoen edo ez, hala izatekotan akordioaren fruituak bistaratu ohi direlako mahaiaren osaketan eta bozketetan.

Eusko Jaurlaritzako lehendakaria aukeratzeko inbestidura egiteko ere ez dago epe finkorik. Alderdiek beren lehendakarigaiak aurkezteko aukera dute, haien artean erabakitzeko. Itxura guztien arabera, EAJk bakarrik aurkeztuko du hautatua izateko aukera duen lehendakarigaia. Gehiengo osoz aukeratu behar da lehendakaria aurreneko bueltan, eta hala ateratzen ez bada, hurrengo egunean bigarren bozketa bat egiten da, eta han nahikoa da gehiengo sinplea.

Gero osatuko da Gobernua. Eta, bien bitartean, Patxi Lopezen Jaurlaritza egongo da karguan, funtzioetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.