Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio bi hilabeteko epean erantzuteko irrati lizentzien lehiaketaren "arazoari". Halaber, euskararen presentzia bermatzeko eskatu dio. EH Bilduk aurkeztutako legez besteko proposamena aintzat hartu du legebiltzarrak, koalizioaren eta EAJren aldeko botoekin. PSEk, PPk eta UPDk kontra bozkatu dute. Proposamenaren arabera, bestalde, legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio irrati libre eta komunitarioen esparrua arautzeko, "lehiaketan hartzen den erabakia bat ala bestea izan".
Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkideak nabarmendu du iazko lehiaketan ez zela euskal errealitatea aintzat hartu. "Madrilgo talde enpresarial handien monopolioari laguntzen zion lehiaketak". Eusko Jaurlaritza berriari aurrekoak egindako akatsak konpontzea dagokiola gaineratu zuen. "Sektore osoari zuzendutako plan bat jarri beharko luke".
Antxeta Irratiak, Euskal Irrati Zerbitzuek, Araba Irratiak eta Justuri Irratiak "positibotzat" jo dituzte onartutako erdibideko zuzenketaren puntuak. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarekin elkarlarean aritzeko prestutasuna adierazi dute, "lehiaketa bertan behera uzteko erabakiak hartutako bide okerra guztien artean zuzentzeko asmoz". Eusko Jaurlaritzak entzuleen hizkuntza eskubideak errespetatzeko eta dialaren aniztasuna, eta euskarazko irratien presentzia bermatzeko neurriak hartzen baditu, epaitegietan jarritako helegiteak atzera botatzeko prest azaldu dira.