Zelai berde, itsaso urdin eta labarretako harkaitzen irudi ederrak datoz burura Zumaia eta Deba arteko itsasbazterra (Gipuzkoa) irudikatzerakoan. Azken egunotan, baina, postal horrekin bateraezina den bestelako irudiak zabaldu ditu Oier Bartolome surflari debarrak grabatutako bideo batek. Plastiko arrastoz beteta ageri da Deba eta Zumaia arteko itsasbazterra.
Irudiak azkar zabaldu dira sare sozialetan eta ezinegona eragin du askorengan. Hori dela eta, biotopo babestura joan da BERRIA TB, eta plastikoen arazoaz mintzatu da Geoparkeko kudeatzaile Leire Barriusorekin. Haren esanetan, bideoak kontzientziak astintzeko balio behar du eta plastikoaren erabilerari buruz hausnartzeko.
Nabarmendu duenez, arazoa ezin daiteke Geoparkera mugatu. Euskal kostalde osoan egoera bera dela adierazi du, eta auzia mundu mailakoa dela ohartarazi.