Familia Portugaletekoa (Bizkaia) zen berez, baina gurasoak bereizi egin ziren, eta Zierbenan bizitzen jarri zen Leire Gutierrez-Barquin Oria. Amarekin eta anaietako batekin bizi zen han. Bazuen beste anaia bat. Industria ingeniaria zen Gutierrez-Barquin, eta aitaren lantokian egiten zuen lan, Samanon (Castro Urdialesko auzoa, Espainia). 28 urte zituen garai hartan, 29 egiteko.
Ikusi gehiago
2012ko abuztuaren 3 hartan oporrak hartzekoa zen emakumea, baina etxekoak deika ari zitzaizkion telefonora, eta ez zuen erantzuten. Horregatik, lantokira joan zen anaietako bat. Atera deitu zuen. Ez zioten ireki. Poliziari deitzea erabaki zuen orduan. Haiek behartu zuten atea, eta orduan aurkitu zuten Gutierrez-Barquinen gorpua, makina baten azpian. Hiru labankada eman zizkioten, eta odolustuta hil zen han bertan.
Polizien ikerketa aurki agertarazi zuten susmagarria bat, S. V. izeneko 22 urteko gazte bat, emakumearen familiarentzat etxean lorezain lanak egiten zituena, eta sortzez errumaniarra zena. Familiak lagundu zion, lana emanez, eta aitak berea zuen etxe bat utzi zion bizitzeko, Castro Urdialesen. Etxe horretara joan ziren poliziak, eta gaztea aurkitu zuten, urkatuta. Hila zen. Polizia iturrien arabera, ohar bat utzi zuen idatzia, hildako neskaren aitarentzat: «Fernando, sentitzen dut».
Ikertzaileek zabaldu zutenez, gazte horrek bazuen salaketa bat lehendik, sexu eraso batengatik, familiak ezagutzen ez zuen kontua. Hiltzaileak bere buruaz beste egin zuenez, artxibatu egin zuten auzia, epaiketarik egin gabe.