Leitzako (Nafarroa) jaien hasieran euskal presoak Euskal Herrira ekartzearen aldeko ikurrak erakutsi izana delitu ote den argitzeko, ikerketa bat irekitzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuak Foruzaingoari.
Gobernuaren arabera, jaiei hasiera emateko txupinazoa botatzerakoan presoen argazkiak eta horien eskubideen aldeko ikurrak erakutsi zituzten udaletxean bertan, baita plazan ere; horretaz gain, "aurpegia estalita eta zuriz jantzita" zeuden hainbat pertsonak pankarta handi bat jarri zuten jai eremuan.
Gobernuak gertatutakoa gaitzetsi du, eta esan du "erabat arbuiagarria" dela Leitzako Udalaren jarrera; "jaietako ekintza bat terroristei egindako omenaldi bihurtzen" utzi duela argudiatu du.