Lekukoen txanda Hernani eta Urnietako gazteen kontrako epaiketan

Segi eta ETA ez direla gauza bera esan du fiskalak Gorenean, pertsona bat bi aldiz zigortzea justifikatzeko

Erredakzioa
2012ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Segiko kide izan eta «talde terroristako kide» izatea egotzita Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitzen ari diren hamar gazteen kontrako epaiketan defentsaren lekukoak hasi dira deklaratzen. Atzo hasi ziren lekuko horiek Hernani eta Urnietako gazteen defentsen zein fiskalaren galderei erantzuten, eta gaur jarraituko dute. Lekuko horien ostean, perituen txanda izango da, eta poliziek deklaratuko dute.

Atzo deklaratu zuten lekukoek atxiloketa eta miaketei buruz hitz egin zuten batik bat, non eta nola sartu ziren poliziak, eta zer eraman zuten azalduz. Hernaniko Gazte Asanbladaren eta Segiren artean loturarik ez dagoela ere nabarmendu zuten lekuko batzuek; hori baita fiskalak egiten duen akusazioetako bat.

Atzo bertan, Segi eta ETA ez direla gauza bera adierazi zuen fiskaltzak Espainiako Auzitegi Gorenean. Biak «talde terrorista» direla esan arren talde desberdinak direla argudiatu zuen, eta, beraz, posible dela pertsona bat aurrena «erakunde terroristako» kide izateagatik zigortzea, Segikoa izatea egotzita, eta, gero, gauza bera leporatuta zigortzea, ETAko erreserba talde batekoa dela argudiatuta. «Delitu tipo berbera izan arren, jauzi kualitatibo hori ezin daiteke hartu ekintza bakar bat balitz bezala».

Igor Ruiz Jasoren eta Iñigo Albisu Hernandezen zigorrak berrikusteko auzi saioan esan zuen hori fiskalak, atzo. 2007an atxilotu zituzten biak, Erresuma Batuan, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak hamaikana urteko zigorra jarri zien, ETAren erreserba talde bateko kide izatea egotzita. Amaia Izko eta Ainhoa Baglieto abokatuek helegitea jarri zuten Gorenean. Izkok argudiatu zuen Ruiz ezin dela berriz epaitu delitu beragatik, Segiko kide izatea egotzita «talde terroristako kide» delakoan zigortu zutelako aurretik ere. Gorenak berak emandako Segiren kontrako epaiaren arabera, Ruiz ezin da berriz zigortu «talde terroristako kide» izatea egotzita,epai horren arabera ezin baitaiteke bereizi Segiko kide izatea eta ETAko kide izatea».

Albisuri dagokionez, Baglietokargudiatu zuen estradizio auzian jartzen ez zuen kausa batengatik ezin dutela zigortu.

Iurrebasori, bost urteko zigorra

Parisko Apelazio Auzitegiak berretsi egin du Juan Carlos Iurrebasori jarritako bost urteko espetxe zigorra. Baita harekin batera zigortu zituzten gainerako ustezko etakideena ere. Izan ere, Frantziako Fiskaltzak helegitea jarri zuen, Parisko Auzitegiak zigor txikiegiak jarri zituela iritzi ziolako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.