Lezetxikin kaltetutako guneak «interesik» ez duela esan du Madrilek

Espainiako Garraio ministroak esan du AHTaren lanek ez dutela «inolako kalterik» eragin aztarnategian. Adifek eta Gipuzkoako Aldundiak txostenak egin zituzten kaltetutako galerien inguruan

xabier martin
2023ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
EH Bilduko Espainiako kongresukide Iñaki Ruiz de Pinedoren galdera bati erantzunez, Espainiako Garraio ministro Raquel Sanchezek jakinarazi du Lezetxikiko (Arrasate, Gipuzkoa) galeria baten barruan egindako tunelak ez duela «inolako kalterik» eragin aztarnategi garrantzitsu horretan. Ministroak esan du «300 metrora baino gehiagora» dagoen galeria bat dela tunelak gurutzatu duena, eta Adifeko eta aldundiko teknikariek «arauzkoak diren txostenak» egin zituztela tunelak hondatutako galeriaren inguruan. Haren arabera, tokiak «ez du interesik» aztarnategi gisa. «Ingurumen eraginaren arauetan ezarritakoa betez egiten ditugu obra guztiak, eta horrela egin dugu orain ere: ondasun kulturala eta arkeologikoa babesteko jarraipen zorrotza egin dugu», esan du Sanchezek.

Ministroak azaldu duenez, abiadura handiko trenaren ibilbidea eraikitzeko hondeatze lanetan, Lezetxiki inguruan sailkaturik ez zegoen galeria bat aurkitu zuten, «babesik gabekoa eta aztarnategia hartzen duen sistema karstikoaren mutur batean dagoena». Hori ikusita, Adifek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak erabaki zuten tunela hartu duen galeriaren inguruko «ikerketa sakona egitea, espeleologia eta arkeologia taldeekin».

Sanchezek ziurtatu du teknikari horien txostenetan jaso dela tunelak gurutzatu duen «kobazuloaren egoera orokorra ona» dela, eta ez dela aurkitu han «arrasto arkeologikorik edo paleontologikorik». Ministroak gaineratu du galeria hori «ingurune naturalaren parte» dela eta ez dagoela babesturik. Horregatik, «exekuzio lanek aurrera egin zuten, proiektuari jarraikiz»; «eta berriro diot: aztarnategi arkeologikoari ez dio eragin». Sanchezek garbi utzi du AHTan «inbertitzen» jarraituko duela Espainiako Gobernuak.

Ezkutuan gorde

EH Bilduko diputatu Ruiz de Pinedok ministroari esan dio egoera hori guztia isildua izan dela, administrazioek «ezkutuan» eutsi diotela, eta agerian geratu dela espeleologo batzuek atera dutelako argitara. «Kautelazko arauek ez dute balio izan kasu honetan», esan dio ministroari; «ez ziren lanak gelditu, ez zen jakinarazi gertatutakoa, eta, orain, gertatutakoaren garrantzia gutxiesten ari zarete».

Ruiz de Pinedok galerian izandako kalteei buruzko «txosten tekniko zorrotza» eskatu dio ministroari, «Arrasateko Udalak eskatu duen moduan». Jazotakoa argitu behar dela errepikatu du koalizio abertzaleko ordezkariak, «ardurak» mugatzeko. Kongresukideak uste du AHTaren obrak suntsitzen ari direla «eremu karstikoak, akuiferoak eta balio arkeologiko handiko kobak», eta hori guztia «iluntasun handi baten barruan» gertatzen ari dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.