LGTBI kolektiboaren aurkako hamalau eraso salatu dituzte Araban

Ikusgunek txosten bat egin du LGTBIfobiaren aurkako egunaren harira. Transen aurkako gorroto diskurtsoak areagotu egin direla diote

LGTBI komunitatearen alde egindako manifestazio bat. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Diskriminazioa, irainak, mespretxu adierazpenak, eraso fisikoak... LGTBI komunitatearen aurkako hamalau eraso salatu zituzten Araban 2020ko maiatzetik 2021eko apirilera, Ikusgune Gasteizko LGTBIfobiaren aurkako behatokiak atzo aurkeztutako txostenaren arabera. Halere, behera egin du sexu joera eta genero aniztasunaren kontrako jardunak: iazko azterketan 25 eraso zenbatu zituzten. Ikusgunek azaldu duenez, pandemiarekin lotuta dago jaitsiera hori: «Zaildu egin du indarkeria egoerak salatzea, eta ez da egon tradizionalki eraso asko gertatu diren gunerik: jaiak, aisialdia...». Ohartarazi dute, dena den, transen aurkako gorroto diskurtsoak areagotu egin direla. «Premiazkoa da horrelako mezuak geldiaraztea», adierazi du Amets Martinez de Heredita Ikusguneko koordinatzaileak.

Astelehenean izango da LGTBIfobiaren aurkako eguna, eta horren harira aurkeztu dute txostena, «gure herrian dagoen errealitatea egiaztatzeko, eta jabetzeko garrantzitsua dela gertatzen diren eraso guztiak salatzea eta erregistratzea». Izan ere, Ikusgunek nabarmendu du eraso gehienak ezkutuan daudela, salatu gabe: «LGTBI kolektiboak jarraitzen du ikusezintasuna baliatzen jendarte arauemaile eta etsai baten aurrean defendatzeko, eta horixe da, oraindik ere, oztopo nagusietako bat Gasteizen LGTBIfobiaren egoeraren erretratu zehatza egin ahal izateko». Adierazi dute eremu pribatuan askoz zailagoa dela LGTBIfobia detektatzea, eta konfinamendu garaiak eragina izan duela. Txostenaren arabera, ikusgaitasuna erronka bat da oraindik LGTBI komunitatearentzat.

Gorroto diskurtsoaren eta erasoen gorakada nabarmendu dute: hamalau intzidentzietatik sei gorroto diskurtsoak izan dira; hiru, eraso fisikoak; beste hiru, «zisheterosexismoaren erreprodukzioari» lotutakoak; diskriminazio kasu bat ere atzeman dute, eta intrageneroko beste bat. Eraso motari dagokionez, berriz, sei izan dira transfobia kasuak: «Nabarmen areagotzen ari dela ikusi dugu». Ohartarazi dute transen «berdintasun erreal eta eragingarria» lortzeko abiatutako lege proposamenak haien aurkako giroa sortu duela, «batez ere emakume transen eta bitarrak ez diren pertsonen aurkakoa». Eta salatu dute: «Legearekin lotutako gezurrak zabaldu dira, eta transak eta queer teoria kriminalizatu».

Gainera, azaldu dutenez, eraso gehienak eremu publikoan gertatu dira, lau; familia giroan, berriz, hiru; eta beste hiru aplikazio eta sare sozialen bidez. Nabarmendu dute familian gora egin dutela kasuek, eta lan eremuan, aldiz, behera —bakarra atzeman dute—.

Ikusguneren esanetan, COVID-19ak sortu duen egoera kontuan hartuta, lesbianak, gayak, bisexualak, transak eta intersexualak «elkarren artean gurutzatutako diskriminazioei» aurre egiten ari dira.

Trans legea

Azkenik, trans legearen inguruko balorazio bat egin dute, eta adierazi gatazkak arinduko lituzkeela. Hala, ekinaldia babestu, eta legea onartzearen alde agertu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.