Nafarroako foruzainek Unai Arroyo, Aritz Azkona eta Endika Garai atxilotu dituzte gaur, irailaren 26ko greba orokorrean desordena pubilkoak eragitea egotzita, Ateakireki.com-ek esan duenez. Hirurak, baina, libre geratu dira deklaratu ondotik.
Arroyo Iruñean atzeman dute, Azkona Garesen eta Garai polizia etxean, hiriburuan. Garai Antsoainen atxilotzen saiatu dira, baina ez zegoen etxean, eta gero bera aurkeztu da polizia etxean. Iruñeko beste lagun bati polizia etxera joateko dei egin diote.
Grebalarien Lagunak kolektiboak Iruñean 19:00etarako elkarretaratze bat antolatu du. Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean bilduko dira.
ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek eta hainbat gizarte eragilek iragarri zuten irailaren 26ko greba Hego Euskal Herrirako, murrizketen aurka. Erantzun zabala izan zuen.