Asko dira jada BERRIAri babesa erakutsi dioten eta, proiektua aurrera eramaten laguntzeko, eskua luzatu duten musikariak eta bestelako eragileak. Lisabo taldea eta Joseba Irazoki ere BERRIAlagunak dira, eta herenegun kontzertu bat eman zuten BERRIAren alde. Hondarribiko Psilocybenea aretoan eman zuten kontzertua, 22:00etan hasita.
Lisabo Irungo (Gipuzkoa) musika talde bat da. 1998an sortu zen, eta, urteotan, post-hardcore estiloa euskal ikus-entzuleen artean nolabait normalizatzea lortu du. Zuzenekoetan, ederki moldatzen da, eta abestiak sentsazio bereziz zipriztintzea lortzen du. Iaz, bosgarren lana kaleratu zuen: Animalia lotsatuen putzua. Taldea hauek osatzen dute: Ionyu (baxua), Jabi (gitarra eta ahotsa), Eneko (bateria), Karlos (gitarra eta ahotsa) eta Iban (bateria).
Boskoteak agertoki gainean Irazoki izan du lagun. Abeslariak Oso banda lau kantuko diskoan islatu ditu azken urteko kontzertuak, eta berriki kaleratutako lan hori aurkeztuko du. Gainera, Euria ari du izeneko lana prestatzen ari da, eta gaurko kontzertua disko berri horren hasiera gisa ulertzen du gitarristak. Azken urtean aritu den formatuarekin ariko da beratarra zuzenean, orkestrako musikari gisa.
BERRIA Taldearen Zure ziztada behar dugu leloa duen egitasmoa...
"Hurrengo urteak ziurtatzeko" asmoz, BERRIAlaguna komunitatea indartzeko, eta diru bilketa egiteko ahal den herritar eta eragile gehienengana iristeko ahaleginean da euskarazko hedabide taldea.
Arazo ekonomikoek bultzatuta, BERRIA iazko urte amaieran hasi zen diru ekarriak biltzen, lanari eutsi eta indartzeko. Hedabide taldeak dio egoera zailean dagoela. "Paradoxikoa bada ere, inoiz baino irakurle gehiago dituen garaian ari dira behera egiten BERRIAko diru sarrerak". Nagusiki bi dira horren arrazoiak: hedabideetan izaten ari den eredu aldaketa —paperaren beherakada, sarearen gorakada baina diru sarrera txikiarekin— eta krisi ekonomikoa —erosle, diru laguntza eta publizitate gutxiago—.
Egitasmoak BERRIAlagunak bildu nahi ditu, milaka lagunen elkarlana bideratu nahi du proiektu honen inguruan. Jadanik ia 4.100 BERRIAlagun daude.