Altsasuko auzia

“Liskar bat izan zen, eta kito”

Altsasuko bederatzi gazteren kontrako epaiketaren hirugarren egunean, Koxka tabernako zerbitzari batek, tabernako jabeak eta zazpi foruzaingok deklaratu dute, testigu bezala. Hona gaurko testigantzen gako nagusiak, laburbilduta:

joxerra senar
2018ko apirilaren 18a
18:25
Entzun

1.- Zerbitzariak eta jabeak argi utzi dute Koxka taberna txikia dela, eta ustez liskarra egon zen tokian, bi ateen artean, ez dagoela 20 pertsona sartzerik, "9-10 gehienez", eta eurak mugitu ezinik. Atzo bai tenienteak bai Maria Jose Naranjok esan zuten 20-25 pertsona inguruk eraso egin zietela, batez ere ateen tarte horretan. Gainera, tenienteak esan zuen 80 pertsona egon zitezkeela barruan. Jabeak esan du Koxkak 60 m2 inguruko azalera duela.

2.- Ez Naiara Romero zerbitzariak ez eta Iñaki Muñoa jabeak ez zuten istilurik ikusi tabernan, eta ez zuten tentsiorik nabaritu. Romero zerbitzariak esan du askotan joan ohi zirela Maria Jose Naranjo eta tenientea Koxkara, eta zenbaitetan taberna itxi zutela, arazorik gabe. Nahiz eta tenienteak ia urtebete eraman Altsasun, Romerok abuztuan (gertaerak izan baino bi hilabete inguru lehenago) jakin zuen hura guardia zibila zela; hots, herrian ez zen horri buruz hitz egiten. Muñoak aipatu du tabernak orotariko mehatxuak jaso dituela.

3.- Iñaki Muñoa Koxkako jabeak iradoki du, edo argi utzi du, 2016ko urriaren 17an (igandean) egin zuen deklarazioa irregularra izan zela eta aldatu egin diotela (ezin jakin nork, foruzainek edo guardia zibilek). Adibidez, deklarazioaren arabera, esan zuen "istilu probokatua" izan zela, eta hark ukatu egin du irmo hori esan zuela. Amaia Izko defentsa abokatuak auzitegian erakutsi du Muñoaren deklarazioaren kopia bat. Foruzainak sinatuta dago; ez da ageri, ordea, Muñoaren sinadura. Halako istiluak Altsasun ohikoak izaten direla. Berez, auzitan jarri du ere tenienteak orkatila borrokan hautsi zuela, "20 urtean" ez duelako halakorik ikusi, eta tabernatik ateratzean hautsi izanaren aukera aipatu du.

4.- Hara bertaratu ziren foruzainak ohituta daude antzeko egoerak bizitzera Altsasun. Horregatik nahiago izaten dute ahalik eta azkarren ateratzea. Egun hartan tentsioa eta arriskua ikusi zuten Koxkaren inguruetan, batez ere anbulantziak tenientea eraman zuenean. Foruzainei oso luze egin zitzaien, baina, era berean argi zuten hura zer zen: “Liskar bat izan zen, eta kito”.

5- Atzo guardia zibilek esan zuten euren bizitza arriskuan ikusi zutela, baina, hara non, gertaerak izan eta minutura, euren alde zeuden foruzainekin topo egitean, urduri, esan zuten "astindu" egin zituztela. Ez zuten esan atzo esan zutena. Ez zuten esan bizitza galtzear izan zutela, edo jipoi galanta eman zietela. Foruzainek urduri eta negarrez ikusi zuten sarjentua, eta bikotekideak ere asaldatuta ikusi zituzten.

6- Atestatua hasi zuen foruzainak azaldu du ospitalera joan zirela urriaren 16an, guardia zibil tenienteari deklarazioa hartzera. "Esan ziguten ezin zuela deklaraziorik egin". Sarjentuari eta haren bikotekideari ere ez zioten deklaraziorik hartu. Guardia Zibilaren aurrean salaketa aurkeztekoak zirela esan zieten foruzainei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.