Gara-k jakitera eman duenez, hiru aldiz ohartarazi zioten agindua eman zuenari ez zegoela oldartzeko motiborik. Hala ere, ikerketa ofizialak ez du oraindik inor auzipetu. Lehen aldiz ertzainak Maria Diaz de Haro plazara iritsi zirenean ohartarazi zuten. Borroka bat zegoela zioten ertzainek —borrokan aritutakoak atxilotu ere egin zituzten egun batzuk geroago—, baina elkarrizketan ertzainek eurek diote amaituta zegoela iritsi zirenerako. Hala ere, oldartu egin ziren, eta orduan bota zizkieten botila batzuk, ez lehenago.
Egoera kontrolpean izan arren, ertzain gehiago bidali zituzten Deustuko komisariatik, eta horiek ere ohartarazi zuten ez zegoela arriskurik han. Operazio horren arduradunak, ordea, agindua eman zuen, Herriko tabernarekin tematuta —betiere, Gara egunkariaren arabera—. "Ea ba, aginduak errepikatuko ditut, garbi geratu daitezen. Oraintxe esan diot lanean ari den taldeko ofizialordeari. Sartu kalexkan, Herrikoan sartu, hartu egoera kontrolpean, eta erasotzaileak izan daitezkeenak kontrolatu edo bota, eta posizio guztia hartu. Orduan egongo da kontrolatuta egoera".
Elkarrizketek berretsi egiten dute orain arte lekukoek esandakoa. Ertzaintzak hasieratik jakin zuen larri zauritu zutela "herritar bat". "Pilotakada bat izango zen", entzun daiteke elkarrizketa horietan. Hala ere, Ertzaintzak lehen egunetan baztertu egin zuen aukera hori, eta ez zuen ezer esan; gaztea koman egon zen 72 orduetan ere ez zuten argitu. Gara-k argitaratutako elkarrizketak agerian uzten duten lekukoek esandakoa egia dela; Rodolfo Aresek gezurra esatea leporatu zien.