Arabako ahaldun nagusia aukeratzeko orduan EBko bi ordezkariek euren hautagaia babestu izanak eragina izan du; alderdia barne krisi bete-betean murgilduta dago. Herenegun, Mikel Arana EBko koordinatzaile nagusiakalderditik kanporatu zituen Nerea Galvez eta Mertxe Etxezarreta Arabako batzarkideak, haien jarrera desegokia izan zela argudiatuta. Atzo, berriz, Serafin Llamas alderdiaren bozeramaile eta koordinatzaileak bere kargua alderdiaren eskuetan jarri duela adierazi zuen. Erabakiaren berri emanez eta hura arrazoituz, eskutitz bat igorri zion Llamasek alderdiko zuzendaritzari.
Orain arte EBko bozeramaile eta koordinatzaile izandakoak bere «hutsegiteari dagokion erantzukizun osoa» onartzen duela dio aipatutako dokumentuan. Gainera, iritzi publikoari eta EBko kideei «barkamena eskatu beharra» duela ere erantsi du, bere jokaerak alderdiari kaltea eragin diola uste baitu. Egoerak hartu duen bideak «harridura» sortu dio.
Llamasek dio negoziazioetan izan zuen jarrerarekin ez zuela EAJrekiko hartu-emanak «baldintzatzeko eta behartzeko» asmorikizan. Eta Xabier Agirre ahaldun nagusi izatearen ordainetan 40 kargu eta 60.0000 euroko bermea eskatu izana ukatu du. Bere hitzak «gaizki ulertu» zirela esanez bukatu du alderdiko zuzendaritzari igorritako gutuna.
Erantzule guztien bila
EBko koordinatzaile nagusi Mikel Aranaren ustetan, «gertatutakoaren erantzule bakarra Llamas izatea bidegabea bezain desegokia da». Izan ere, Xabier Agirre EAJko kideak aditzera eman zuenez, Javier Madrazok ere parte hartu zuen negoziazio horietan. «Eta nik sinesten diot», esan du. Horretaz gain, Kontxi Bilbao eta David Lozano alderdiko kideek ere hartu-eman horien berri noraino zuten argitu beharra dagoela iruditzen zaio. Horregatik, erantzule guztiei aurpegia eman dezaten eskatu die Aranak. Horrekin batera, gertatu dena argitze aldera, ikerketa zorrotz baten beharra dagoela ere nabarmendu du.
Alternatibako Arabako bozeramaile Josu Estarronaren aburuz, «egunotan izan dugun ikuskizuna erabat salagarria eta lotsagarria da». EBk eta EAJk izandako jarrera deitoratzearekin batera, esandako guztia egia dela frogatuko balitz, «ardura politiko guztiak argitu» eta «halako joko zikinak Arabako politikagintzatik desagerrarazteko» deia egin die. Susmoak baieztatuz gero herrialdean «inoiz izandako eskandalurik handiena» izango litzatekeela, erantsi du Estarronak.
Llamasek EBko zuzendaritzaren esku utzi du kargua
Zuzendaritzari bidalitako gutunean, «egindako hutsa» onartu, eta barkamena eskatu du bozeramaileak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu