Pertsona bat lodi izatera nola iristen den erraz azaltzen da: behar baino gehiago jan duelako gizendu da. Arrazoirik usuenak kaloria askoko elikadura edota ariketa falta izan ohi dira. Hori gizarte osora zergatik hedatu den azaltzea, ordea, ez da hain erraza. Loditasunaren genea egon badago, baina adituek ez dute uste gene horrek loditasuna eragiteko nahikoa ahalmenik duenik; ingurumenari eta bizitza sedentarioari ere erreparatu behar zaie. Faktore horietaz gain, faktore psikologikoek ere eragin dezakee loditasuna, Donostiako Ospitaleko psikologo Xabier Arrazolak azaldu duenez: «Gero eta pertsona gehiago, antsietate egoeretan adibidez, bere bizitzako beste eremu batzuetan lanean, gizartean, lagunekin edo familian aurkitzen ez duen plazera edo gogobetetasuna bilatzen saiatzen da janarian».
Prebentzioa
Loditasuna gaixotasun kroniko ugariren eragile zuzen-zuzena da: diabetesa, hipertentsioa, bihotzeko gaixotasunak, arazo kardiobaskularrak, minbizi mota ugariÉ Xabier Arrazolak prebentzioaren garratzia azpimarratu du: «Hona etortzen diren hainbat pertsonak operatu nahi dutela diote, nahiz eta loditasunak oraindik ez dien osasun arazorik eragin, estetikoki oso gaizki ikusten dutelako euren burua eta egoera hori amaitu nahi dutelako. Arrazoi estetikoek eragin handia dute pertsona batengan, baina garrantzitsuena osasun arazoak dira, eta halakorik ez badu, loditasuna prebenitu egin behar da». Horregatik, lodia den edozein pertsonak, loditasun hori edozein mailatakoa izanda ere, espezialistarengana jo behar du berehala. Pertsona bakoitza mundu bat den aldetik, pertsona bakoitzari pisua gutxitzeko tratamendu bat jarriko zaio. Loditasunaren kontrako hainbat tratamendu daude: dietak, botika edo farmakoak, ariketa fisikoa eta laguntza psikologikoa.
Loditasun morbidoa dutenen kasuan (gorputz masaren indizea 40tik gorakoa denean), tratamendu horiek ez dira eragingarriak, osasun arazo izugarriak dituztelako, eta kirurgia egin behar da nahitaez.
Kirurgia, azken aukera
Txagorritxu (Gasteiz) eta Basurtuko (Bilbo) ospitaleetan duela zortzi urte hasi ziren urdaila txikitzeko ebakuntzak egiten. Gaur egun, Donostiako, Gurutzetako (Barakaldo) eta Iruñeko ospitaleetan ere egiten dira. Baionako Ospitalean ez dago horretarako aukerarik; erietxe pribatuetan, aldiz, bai.
Osakidetzak azken hiru urteetan 412 ebakuntza egin ditu, eta sei pertsona hil dira ebakuntzaren ondorengo arazoengatik. Heriotza tasa, beraz, %1,46koa da. Ebakuntza horren ondorioz, denborarekin, etenak, urdaileko ultzerak, infekzioakÉ sor daitezke. «Kontuan izan behar da ebakuntza horren ondorioz digestio aparatuaren prozesua eta janariaren xurgatzea erabat aldatzen direla», azaldu du Arrazolak. Horregatik, ebakuntza ondorengo tratamendua oso zorrotz jarraitu behar dela nabarmendu du, hala egin ezean arazoak sor daitezkeelako.
Edozein lodik, hala ere, ez du operatzeko aukerarik. Izan ere, ebakuntza egiteko hainbat baldintza bete behar dira: 18-55 urte bitartean izatea, gorputz masaren indizea %40 baino handiagoa izatea eta aurretik egindako argaltzeko tratamenduek emaitza onik eman ez izana. «Osasun arazoak asko direnean edo bizia bera arriskuan dagoenean erabaki behar da ebakuntza egitea, eta ez 20 kilo galdu nahi izateagatik bakarrik». Urdaila txikitzeko ebakuntza egin nahi duen oro Osakidetzak prestatuta duen programa batean sartzen da. Endokrinoak kontsulta arteko orriak egiten ditu, eta gaixoa pneumologoarengana, anestesistarengana, kardiologoarengana, psikologoarengana eta zirujauarengana bidaltzen du, bakoitzak gaixoa bere arloan azter dezan. Gaixoak espezialista guztion baimena lortu behar du ebakuntza egiteko zerrendan sartu ahal izateko. Urtebete inguru itxaron behar da Osakidetzan ebakuntza hori egiteko. Donostiako Ospitalean, adibidez, 58 pertsona daude itxaron-zerrendan gaur egun.
Psikologoaren lana giltzarria da ebakuntza egin aurretik. Xabier Arrazolak argi dauka beste espezialistek beren lana ondo egingo dutela eta ebakuntza ondo aterako del», baina berarentzat beste gauza bat da garrantzitsuena: «Ebakuntza egingo duten pertsona horiek hemendik hiru urtera zer egingo duten».Ebakuntza ondoren, zer? Horixe da gakoa. Horregatik, ebakuntza aurreko prozesuan psikologoak batez ere prestakuntzaz eta heziketaz arduratzen direla azaldu du Arrazolak. Izan ere, loditasuna duten pertsonek oso izaera berezia dute: «Loditasun morbidoa dutenen %40k betekada arazoak dituzte, egoera emozional jakin batzuetan jan eta jan egiten dute, baina gero ez dute botaka egiten, barruan geratzen da janari guztia». Beraz, aztertu behar da zerk behartzen duen jendea betekada izatera. «Egoera emozional batzuk bizitza guztian janariarekin lotu baldin baditu, ebakuntza egin eta gero ezingo du halakorik egin. Gaixoa horretarako prest al dago? Oso zaila da hori». Operatu aurreko lana, beraz, giltzarria izango da operazioa eraginkorra izan dadin.
-
Datua
%14
Euskal Herriko ehun biztanletik 14 lodiak dira, eta horietatik hiruk loditasun morbidoa dute. Azken urteetan, gainera, igo egin da pertsona gizenen kopurua.
-
GMI
Loditasuna neurtzeko hainbat sistema erabiltzen dira. Gorputz Masaren Indizea (GMI) da erabilienetako bat. Indize horren kalkulua egiteko formula hau erabili behar da: pisua (kilotan) zati altueraren karratua. 60 kilo eta 1,7 metroko altuera duen pertsona baten gorputz masaren indizea, adibidez, hau da:60 : 1,72= 20,7. Indizearen ebaluazio sailkapen honen arabera egiten da:
20 baino gutxiago: pisu gutxi.
20 eta 25 artean: normala.
25,1 eta26,9 artean: gizentasun txikia.
27 eta 29,9 artean: 1. mailako gizentasuna.
30 eta 34,9 artean: 2. mailako gizentasuna.
35 eta 39,9 artean: 3. mailako gizentasua
40 baino gehiago: gizentasun morbidoa.
20 baino gutxiago: pisu gutxi
20-25, normala
25,1-26,9, obesitate txikia
27-29,9, lehen mailako obesitatea
30-34,9, bigarren mailako obesitatea
35-39,9, hirugarren mailako obesitatea
40 baino handiago, obesitate morbidoa