Ertzaintzak militar bat atxilotu zuen herenegun Donostian, Loiola auzoan, liskar bat eragitea egotzita. Loiolan bertan dagoen militarren egoitzan ari da soldadua, eta beste pertsona batzuekin batera eragin zuen liskarra. Francoren aldeko oihu batzuk egin zituzten, eta emakume batzuei zakila erakutsi zien militarretako batek. Polizia joan zenean, aurre egin zien haiei, eta atxilotuta eraman zuten. Aske da, auzitegitik noiz deituko dioten zain.
Igandean gertatu zen liskarra, 18:00ak aldean. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturriek baieztatu dute ordu horretan dei bat jaso zuela Ertzaintzak, esanez liskar bat zegoela Aralar Mendiaren kalean, Loiolan. Joan ziren poliziak, eta, Segurtasun Sailaren arabera, bi talderen arteko eztabaida ikusi zuten. Militarrak ziren batzuk, eta auzotarrak besteak. Taberna baten inguruan gertatu zen guztia; oihuka sartu ziren militarrak hara, eta zakila erakutsi zieten hango andreei.
Segurtasun Sailaren arabera, horietako batek aurre egin zien ertzainei. Atxilotu egin zuten, etabi delitu egotzi dizkiote: desobedientzia eta agintariei erresistentzia egitea. Ertzaintzak aske utzi du atxilotua jada, eta auzitegitik noiz deituko dioten zain dago orain. Epailearen aurrean azalpenak eman beharko ditu.
Istilu gehiago
Ez da lehen aldia militarrek Donostian istiluak eragiten dituztena. 2007an, esate baterako, guardia zibilak eta militarrak elkarren kontra borrokan aritu ziren dantzaleku batean, eta horietako bat larri eraman zuten erietxera. Aurrez, 2005ean, Mikel Martin Conde EHGAM Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimenduko kidea jipoitu zuten. Epaileak zigortu egin zituen laurak: bi urteko espetxe zigorra jarri zien biri, eta 4.500 euroko isuna beste biri.
Donostiako udal gobernuak Loiolan gertatutakoa salatu du ohar baten bidez. Ohartarazi du auzoan «alarma eta kezka nabarmena» sortu direla. Indar militarrak «gatazkaren froga» direla uste du udal gobernuak, eta bakerako bidea oztopatu egiten dutela.
Loiolako militar bat atxilo hartu dute, liskarra sortu eta poliziei aurre egiteagatik
Francoren alde oihuka aritu da soldadua, eta kalean zakila erakusten; aske utzi dute, epaileak noiz deituko dion zain
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu