Spanairrek Loiuko aireportuan (Bizkaia) utzitako lekua bete nahi du Ryanairrek. Loiu Madrilekin eta Bartzelonarekin lotuko du, eta aireportuarekin negoziatzen ari da Irlandarako eta Kanariar uharteetarako (Espainia) hegaldiak martxan jartzeko.
Agerraldi bat egin zuen atzo Ryanairreko presidente Michael O'Learyk Loiun. Bertako aireportua Madrilgoarekin eta Bartzelonakoarekin lotuko duten hegaldiak aurkeztu zituen. Maiatzetik aurrera hasiko da Ryanair aire bide horretan lanean, eta, bi bideak batuta, urtean 400.000 bidaiari garraiatzea espero du O'Learyk. Gaur hasiko da enpresa txartelak saltzen, hegaldien ordutegiak ezagutaraztearekin batera. Prentsaurreko horretan bertan adierazi zuen konpainia aireportuarekin negoziatzen ari dela beste bi aire bidetan ere lanean hasteko. O'Learyren arabera, elkarrizketak bide onetik doaz, eta aurtengo udarako hegaldiak indarrean egoteko itxaropena du.
O'Learyk, baina, arazoak izan zituen agerraldia egin eta Loiuko aireportutik alde egiteko. Spanairreko langile ugari itxialdia egiten ari dira aireportu horretan, eta prentsaurrekoari boikota egiten ahalegindu ziren. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako CCOO sindikatuko aire arloko arduradun Jon Herreraren esanetan, Ryanair aire merkatua «leherrarazten» ari da, gainontzeko enpresentzat «ezinezkoa» baita Irlandako aire konpainiak ezarritako prezioekin leihatzea. Prentsaurrekoa amaitutakoan, protestan ari zirenei bizkar eman, eta garaipenaren keinua egin zuen O'Learyk. Ertzaintzak babestuta joan zen aireportutik. Ryanairren lana eskatzeko proposatu zienO'Learyk Spanairreko beharginei, baina aukera hori baztertu du airelinea katalaneko langile batzordeko buru Ricardo Osok. Bizkaiko Foru Aldundiko eledun Juan Mari Aburtoren iritziz, «berri ona» da Ryanair Loiun izatea, eta ukatu egin du erakunde publikoek enpresari diruz laguntzen diotela.
Bestalde, bigarren greba eguna egin zuten atzo Air Franceko eta Easyjeteko langileek Iparraldean. Miarritzeko aireportutik (Lapurdi) Parisko Orlyra joatekoak ziren bi hegaldi —09:20ean bata eta 20:00etan bestea— bertan behera utzi zituzten, eta beste horrenbeste egin zuten kontrako noranzkoan 19:15ean Miarritzen lurreratu behar zuen hegaldiarekin. Lau egunez grebara deitu dute bi airelineetako sindikatuek, otsailaren 6tik 9ra. Greba deialdiak 48 ordu baino lehenago jakinarazi beharraren aurka ari dira protestan.
Hegaldi gutxiago Noainen
Noaingo aireportuan (Nafarroa) bi konpainiak lan egiten zuten, baina bakarra ariko da aurrerantzean. Martxoaren 25etik aurrera, Iberiak eten egingo du aireportu horretatik Madrilera duen hegaldi bakarra, eta Iberiaren beraren filial Air Nostrumek hartuko du hegaldi horren ardura. Filialak, ordea, murriztu egingo ditu Bartzelonarako maiztasunak. Egun, hiru hegaldi ateratzen dira Bartzelonarako noranzkoan, eta hiru Noaingorakoan. Martxoaren 25etik aurrera, berriz, Air Nostrumek soilik bi aldiz egingo du hegan noranzko bakoitzean.
Nafarroako Gobernuko Sustapen eta Etxebizitza kontseilari Anai Astiz lasai agertu da aldaketarekin. Noaingo aireportuko bidaiari kopuruak behera egin duela aitortu du Astizek, baina, aire konpainiako buruzagiekin bilera egin ondoren, gaineratu du Air Nostrumek Noainen alde apustu egiten jarraitzen duela.
Loiu Kanariar uharteekin eta Irlandarekin ere lotzeko negoziazioan ari da Ryanair
Spanairreko beharginei iseka egin ondoren, babestuta atera dute Michael O'Leary Loiuko aireportutik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu