Loiuko aireportua

Loiuko aireportua handituko dutela iragarri du AENAk

Lanak 2027tik aurrera hastea da asmoa. Proiektua diseinu fasean dago oraindik.

Lufthansa konpainiako hegazkin bat Loiuko aireportuan aireratzen. MIGUEL TOÑA / EFE
Lufthansa konpainiako hegazkin bat, Loiuko aireportuan aireratzen. MIGUEL TOÑA / EFE
pettan uralde
2024ko apirilaren 19a
13:00
Entzun

Loiuko aireportuak 6,4 milioi bidaiari hartu ditzake urtean gehienez, eta 2023an 6,3 milioi hartu zituen. Tokiko erakundeek urteak zeramatzaten Loiuko aireportua handitzeko eskatzen, bidaiari kopurua etengabe handitzen ari zelako, eta hau da AENA aireportuen kudeatzaileak Bilboko terminala zabalduko duela ofizialki baieztatzen duen lehen aldia. Maurici Lucena AENAko presidenteak egin zuen, atzo, erakunde horren akziodunen batzarrean.

Loiuko aireportua handitzeko lanak AENAren hurrengo plan estrategikoaren barruan sartzen dira, zeina 2027 eta 2031 bitartean aplikatuko baita. Ez dago zehaztuta noiz hasiko diren lanak, baina epe horretan egingo dira. Proiektua diseinu fasean dago orain; hau da, AENAren zerbitzu teknikoak Loiuko aireportuaren beharrak aztertzen ari dira, instalazio berriek etorkizunean zerbitzu egokia eman dezaten.

Hirugarrenean asmatu

Aurretik izan dira hainbat proiektu Bizkaiko aireportua handitzeko. Lehena Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak aurkeztu zuen, baina 2008ko krisi ekonomikoak ezerezean utzi zituen plan horiek. Azkena 2020 hasieran aurkeztu zen. Ordura arteko bidaiari errekorra hautsi ondoren, AENAri garai aproposa iruditu zitzaion aireportua handitzeko, baina COVID-19aren pandemiak zapuztu egin zuen egitasmo hori.

Bi proiektu horietan handitze lan desberdinak proposatzen ziren. 2008koan, 25.000 metro koadroko handitzea aurreikusten zen, aireportuaren bi hegoak handituz. 120 milioi euroren kostua zuen proiektu hark. 2020koan, ordea, aireportuaren ezker hegalaren handitzea besterik ez zuten proposatu, baina eraikin zabalago baten bitartez. Ez zen inoiz argitaratu proiektuaren kostua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.